Esnaolari Ertzaintzak emandako tratua salatu dute haren lagunek
Senide eta lagunen arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Ertzaintzak "ez zituzten Aitorren eskubideak bermatzeko behar ziren neurriak" behar bezala hartu, eta Esnaolak 5 minutuz bakarrik egon ahal izan zuen familiarekin.
Aitor Esnaola preso politiko legorretarrari Ertzaintzak emandako tratua salatu dute haren lagunek, Berria egunkarira bidalitako gutun batean. Esnaolaren aita hil zela eta, haren azken agurrean familiarekin egoteko baimena eskatu zuen, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak onartu egin zion eskaera. Kasu horietako ohiko prozedura jarraituz, zigorra betetzen ari den espetxetik Zaballako espetxera ekarri zuten, handik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren zaintzapean gelditu zelarik. Senideen arabera, ordea, erakunde horiek “ez zituzten Aitorren eskubideak bermatzeko behar ziren neurriak” behar bezala hartu eta Esnaola “bost minutuz bakarrik egon zen bere senitartekoekin”. Gainera, “Aitor bere aitaren hileta elizkizunetara ekarri ez eta kotxe barnean gatibu bost orduz izan zuten loturik” izan zutela salatu dute.
Esnaolaren lagunek gogorarazi dute “Madrilek inposatzen duen sakabanaketak sortzen duen egoera diskriminatzailearen aurrean, eta preso baten senitarteko baten heriotzaren aurrean”, Eusko Jaurlaritzari eta Ertzaintzari dagokiela “edozein diskriminazio egoera ahalik eta gehiena murriztea”. Erakunde horiek, ordea, “errespetu eskasa” erakutsi dutela diote, “politika diskriminatzaile horren ondoriorik lazgarrienak agerian utzi ditu beste behin ere”.
Aitor Esnaola Preso Politiko Legorretarrak, gaixo dagoen aita ikusteko aukera izan du gaur. Besarkada estu ta iraultzaile bat Aitor eta familiari. Eutsi gogor!#AmnistiaOsoa pic.twitter.com/jUGw4UO8cb
— TolosaldekoAAM (@tolosaldean) 2019(e)ko maiatzaren 25(a)