Goierriko bost ustiategik ateak zabalduko dituzte
Nekazal mundua ezagutarazi nahi du Enbak antolatutako 'Ongi etorri baserrira' egitasmoak. Uztailaren 5 eta 6an egingo dituzte bisitak, aurrez izena emanda
Gipuzkoako eta Bizkaiko 36 ustiategik parte hartuko dute aurten Enba sindikatuak antolatutako Ongi etorri baserrira! egitasmoan. Baserri mundua eta hiriaren arteko zubigintza lana egiteko sortu zuen nekazal sindikatuak egitasmo hori 2014an; lehen aldi hartan, zortzi baserrik parte hartu zuten. Aurtengoa uztailaren 5ean eta 6an egingo da.
Baserriko jakien jatorria, ukuiluak, baratzeak, landaguneak eta ekoizleak ezagutzeko aukera ematen dute familian edo lagunartean egin daitezkeen bisitaldi horiek. Uztailaren 1a da izena emateko azken eguna, eta saio guztiak doan dira. Izena emateko eta informazio gehiagorako ongietorribaserrira.eus webgunera jo daiteke.
Egitasmo horretan bisita daitezkeen baserri edo ustiategien artean, Goierriko bost etxe daude. Denek ere, uztailaren 6an zabalduko dituzte ateak.
Horietako bat da Inazio Irastortza Katxina artzainaren txabola. Oinez ordu eta erdiko ibilaldia egingo dute, eta norberak eraman beharko du ogitartekoa. Artzaintzarekin jarraituz, Zeraingo Olabide artegia eta Idiazabalgo Ondramuño gaztandegia bisitatu ahal izango dira.
Ordiziako Aramendi baserrian, esnetarako behien produkzioa ezagutu eta umeentzako tailerra egingo dute.
Eta azkenik, Urretxuko Aikur baserrian, museoa eta erlauntzak ikusi eta ezti ekologikoa nahiz propolioa egiteko prozesua ezagutu ahal izango da.