Lau haur saharar, lau euskal familia
Datorren astelehenean saharar errefuxiatuak bizi diren Aljeriako kanpalekuetatik lehenengo haurrak iritsiko dira Euskal Herrira. Goierri garaira lau ume helduko dira, iazko laurak.
Ez dago ahanzturaren aingurarik gabe endekatu den gatazka politikorik. Ahanzturak laguntzen die betikotzen; hurkoak ahanzten ditu eta haiei buruz hitz egiteari uzten dio, existituko ez balira bezala. Sahararren gatazkak badu hortik. Ordura arte Espainiaren mende egondako Mendebaldeko Sahara inbaditu zuen Marokok, 1975ean. Aberrian geratu ziren sahararrak lubakian bizi dira orduz geroztik; ihesean joan zirenak, aldiz, Aljeriako deserturik gorrienean, Tindufen, behin-behinekoak izango ziren kanpalekuetan, egun betikotu direnetan. Nazioarteko komunitateak autodeterminazio erreferendumaren promesa egin zien. Ez da sekula halakorik egin, ordea. Eta, auzia, ahanzturaren amildegian erori da. Hainbat gomuta printzek eusten diete, hala ere. Tartean, kanpalekuetako haurrak desertuaren uda-beroaz libratzen dituen Oporrak Bakean egitasmoa dago, 10 eta 13 urte bitarteko haurrei harrera familiekin uda igarotzeko aukera ematen diena. Goierri garaira lau haur iritsiko dira astelehenean; lau haur lau familiatara, iazko lau haurrak iaz hartu zituzten familia beretara.
Hare Haizea elkarteak antolatzen du urtero-urtero Goierri garaian saharar haurren etorrera. Astelehenean datozen haurretik hiru Legazpira iritsiko dira eta bestea Zumarragara. Iaz berriki etorri ziren haietako hiru; hiruek hiru urtez Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzeko aukera izango dute. Laugarrenarentzat azken urtea da.
Hare Haizeako Lourdes Lopezek dioenez, «egitasmoaren berri eman dugu komunikabideen bitartez, txapak banatu ditugu eta kartelak jarri ditugu, baina familia berririk ez da animatu». Bi familiek jakin-mina agertu zutela erantsi du, «informazioa eskatu ziguten arren, haurra etxean hartuta, uda antolatzeko astirik ez zuten jada».
Aitzitik, Arabara, Gipuzkoara eta Bizkaira helduko den haur kopuruak jaitsierarik ez duela nozitu, eta horrekin kontsolatu da Lopez: «Bizkaian harrera familia kopuruak gora egin du eta aurreko urtean etorri zen ume kopuru berbera helduko da, 320 haur guztira».
Elkarteko kideak Loiuko aireportura (Bizkaia) joango dira haurrak jasotzera. Zumarragako geltokian harrera familiekin elkartuko dira eta bi hilabete egingo dituzte Goierri garaian.
Kontrol gehiago
Lopezek kontatu du elkarteei haurren zaintza bermatu dezaten gero eta neurri zorrotzagoak eskatzen dizkietela, batik bat, bertako erakundeek. «Adin gutxiko pertsonak dira eta izapide ugari bete behar dira; gero eta gehiago. Egia da, gure kasuan, herrietan bizi garenez egunerokoan elkar ikusten dugula eta horrek elkarteari dagokion zaintza egitea errazten diola». Edonola ere, aurten lehenengo aldiz elkarteko kideek eta haurrek, harrera familiarik gabe, bi eguneko irteera egingo dute Nafarroako aterpetxe batera.
Bestelakoan, hartu dituzte jada mediku eta dentista azterketak egiteko hitzorduak, «denboraz hartzen ditugu zer edo zer behar badute tratamenduak egiteko astia izateko».
Iazko familiek errepikatu egingo dute aurten esperientzia. Gezitik eta gozotik utzi zizkien iazkoak, baina bistan da gozoa gailendu zela. Haur sahararren bitartez hango egoera bere horretan darraiela zabalduko da Goierri garaian, bi hilabetez bederen.