Suaren bueltan biltzeko gaua
Gaur hasiko da ofizialki uda. Solstizioa ospatzeko nahiz izpiritu txarrak uxatzeko, San Joan bezperako sua piztuko dute igandean, Goierriko herri eta auzo guztietan.
Udako solstizioaren edo San Joan suaren ospakizunak noiz hasi ziren jakiteko, denboran galdu behar dela esan daiteke. Ipar hemisferioan, aintzinaroan udako solstizioaren iritsiera ospatzeko baliatu zuten, Europan batez ere. Aspaldiko tradizio herrikoi horrek jatorri paganoa du, eta birsorkuntza errituak biltzen ditu. Erdi Aroaz geroztik, San Joan Bataiatzailea kristau santuaren izena darama.
Egun honetako ekitaldi ezagunena San Joan sua da, San Joan egunaren bezperako gauean piztu ohi dena. Era berean, bestelako erritu eta ohiturak ere uztartzen ditu egun horrek. Euskal Herrian adibidez, iturri, putzu eta erreka batzuetako ura edatea eta San Joan eguneko goizeko ihintza zapaltzea osasungarria dela sinetsi izan da. Kea, sua eta sorginkeriarekin lotutako jai magikoa izango da beste behin ere. Euskal Herriko etxe askotako ate eta leihoetan, eguzki berriak etxe horretan bizi direnak bedeinka eta babes ditzan, elorri zuriaren edo lizarraren adaxkak jarri ohi dituzte.
Hainbat herritako plaza nagusietan lizar edo haritz handi bat jartzeko ohitura ere badago. Enborraren bueltan dantzatu ohi dute dantzariek San Joan bezperan. Eta enborrean gora igotzea ere izan da ohitura toki askotan.
Auzo eta baserri ugaritan ere badago ohitura sua pizteko. Suak, eguzki berria indartzen du eta gizakion bekatuak garbitzen ditu. Azken urteotan, pertsona asko oroitzapen txarrak ekartzen dituzten objektuak sutara botatzen hasi dira, eguzki berriak zorte hobea ekarriko dielakoan.
Izatez jatorri paganoa duen hau, kristautasunak bereganatu egin zuen eta San Joan Bataiatzaileari eskaini zion jaia. Santu haren izena, Erdi Aroko euskaran, Done Ibane zen. Hortik datorkio Donibane egunaren izena.
Goierriko suak
Goierrin herri guztietan eta auzo askotan egiten dira suak gaur egun, baina batetik bestera badira aldeak. Batzuetan, gainera, bezperako suak eta herriko festek bat egiten dute. Seguran edo Olaberrian, adibidez.
Su Eskolaren aholkuak, segurtasunerako
San Joan bezperan ondo pasatzea da helburua eta hori horrela izateko hainbat gauza kontuan izatea ez dago soberan. Horretarako, Su Eskola Fundazioak segurtasun aholkuak eman ditu San Joan bezperarako:
· Sua eremu seguruetan prestatu, eraikinetatik eta ibilgailuetatik urrun.
· Sua argindar eta telefono sareetatik urrun egin
· Suaren barreiatzea ekiditeko, sua egingo den eremua aldez aurretik garbitu.
· Sua egiteko materiala ez pilatu lau metro baino gehiagoko eremuan.
· Haize handia egiten badu surik ez piztu.
· Sua pizteko papera eta lasto lehorra erabili, eta ez gasolina bezalako likido sukoiak.
· Pertsona heldu baten gainbegiradapean piztu sua.
· Ondoan itzalgailu edo mauka bat izatea komeni da, prebentzio neurri bezala.
· Ttxingarrik edo hausberorik piztuta gelditzen ez dela egiaztatu eta lurrez edo hondarrez estali sua egindako tokitik alde egin baino lehen.