Urretxuarrek San Joan jaiak ospatuko dituzte bihartik astelehenera bitartean
Gorka Hermosa akordeoilariak eta Iparragirre Balerdi musika bandak kontzertua egingo dute bihar, Gernikako Arbola plazan. Igandean sua piztuko dute eta astelehenean, San Joan egunez, erromeria izango da Santa Barbaran.
Urretxuarrek San Joan jaiak ospatuko dituzte bihartik astelehenera bitartean. Bihar kontzertu bat egongo da, igandean sua piztuko dute eta astelehenean San Joan eguneko erromeria ospatuko dute Santa Barbaran.
Bihar, 11:00etan, San Joan pilota txapelketako finalak jokatuko dira. 19:00etan, Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarrak eta Iparragirre Balerdi musika bandak kontzertua egingo dute Gernikako Arbola plazan.
Igandeko lehen ekitaldia San Joan Txiki pilota txapelketa izango da. 10:30ean hasiko da. 18:00etan bandak kalejira egingo du. 18:00etan Jose Mari Lasa plazan joko du, 18:15ean Domingo de Mendiaratzen, 18:45ean Zubimusun, 19:00etan Gernikako Arbolan eta 19:15ean Areizaga-Kalebarrenen.
20:00etan bederatziurrena egingo dute Santa Barbarako baselizan eta ondoren, 20:30ean, baserritarrek San Joan arbola ipiniko dute. Ondoren, jaiari hasiera emateko, kanpaiak joko dituzte.
Gainontzeko ekitaldiak kalean izango dira. 21:00etan Lizarriturri txistulari elkarteak kalejira egingo du eta 22:30ean sua piztuko dute. Dantza, musika, bertsoak, txalaparta… egongo dira. Sua itzaltzen denean, Elortzak eta Larrañagak trikitixa saioa egingo dute.
San Joan, Santa Barbaran
Astelehenean urretxuarrek San Joan eguna ospatuko dute, Santa Barbaran. 10:00etan udal ordezkariak Santa Barbarara abiatuko dira, udaletxetik. Txistulariek eta dantzariek lagunduko diete. 10:45ean txalapartariek deialdia egingo dute, Santa Barbaran. Ondoren, meza hasiko da. Mezan loreak bedeinkatuko dituzte eta bertsolariek eta Lurra taldeko dantzariek parte hartuko dute. Mezaren ondoren dantzarien saioa egongo da.
12:30ean Irimora Igoera egingo dute. Bertan eman ahal izango da izena. Sariak 13:00etan banatuko dituzte. 13:15ean, berriz, herri kirol saioa egongo da. Urretxuko giza-proba taldeko kideek auzoko beteranoekin neurtuko dituzte indarrak. Ondoren, herri bazkaria egongo da.
Arratsaldean ere ez da ekitaldirik faltako. 16:30ean haur eta gaztetxoentzako jolasak eta erromeria txikia egongo dira. 17:30ean erromeria hasiko da, txistulari, dultzainari, bertsolari eta trikitilariekin. Irrintzi txapelketa ere egingo dute. 19:30ean txapelketa honetako sariak banatuko dituzte.
21:00etan jaitsiera egingo dute, txistulari, dultzainari eta trikitilariekin. 22:00etan erromeria egingo dute Gernikako Arbola plazan, ZU Dantzaz eta Jeiki Hadi taldeekin.
Santa Barbarara autoan igo nahi dutenek udaltzaingoan baimena eskatu behar dute. Dena den, 07:00etatik 21:00etara autobus zerbitzua egongo da.