Zeraingo Udalak azalpenak eman ditu udal langile baten egoeraz
2013tik Zeraintzen SA-rekin eta 2016ko abendutik udalarekin lanaldi erdian dagoela dio udalak, eta «legez ez du kargu publikoa izateagatik murrizketarik»
Udal langile baten egoera dela eta agertu diren salaketa eta informazioen aurrean, bere ikuspegia eman du Amaia Junquera Zeraingo alkateak. Haren esanetan, Joxean Etxabe 2006an hasi zen Zeraingo Udalean lanean, %100eko lanaldiarekin, eta hala jardun zuen, 2011ra arte. Urte hartan, Zeraintzen SA-n hasi zen; lehen bi urteetan % 100 lanaldian, eta 2013tik 2014ra %50ean. Alkatearen arabera, «kontratu horren finikitoa jaso zuen, eta enpresari ez zuela ezer erreklamatzekorik dioen aitorpena jasota» gelditu zen idatzi horretan. 2014tik 2016ra ere %50ean aritu zen; harik eta 2016an udalak Zeraintzen likidatzea erabaki zuen arte, «ez zuelako bere helburua lortu eta kiebra egoeran» zegoelako. Horren aurretik, udalak, subrogazio bidez, langile hori kontratatu zuen, ordura arteko %50eko lanaldia» mantenduz.
Pasa den maiatzaren 31n lanaldi erdia osora handitzeko eskaera egin zion udalari, «bukatu berria den agintaldiaren barruan erantzuteko» eskatuz. Ekainaren 3an eskaera aztertu eta udaleko idazkariari txostena eskatu zioten. Hilaren 7an jakinarazi zioten Etxaberi ezin diotela lanaldia handitu. «Ez dago kargu politikoa izateagatik lanaldi murrizketa onartu dela ziurtatzen duen espedienterik, hala ez zegokiolako». 2013an jardunaldi osoko kontratua eten eta lanaldi erdikoa sinatu zuela dio Junquerak. Gainera, «egun ez du legez kargu publikoa izateagatik murrizketarik», eta beraz, ez luke eskubiderik izango kargu publikoa uzterakoan lanaldia osora itzultzeko.
Udalak gastu finkoen eta inbertsioen arteko oreka «ozta-ozta» lortzen duela, eta egun bi herri langileek duten lanaldiarekin [batek osoa, besteak erdia] «herriko lanak egiteko ondo moldatu» direla dio alkateak. Hala, %50eko lanaldiarekin jarraituko duela jakinarazi diote Etxaberi. Udalean duen lanaldia «beste lan batekin uztartzeko eta egun dituen lan egunak eta antolaketa moldatzeko prestutasuna» agertu diote langileari, «beti ere udalerriko beharrak aintzat hartuz».