Aritz Garinek irabazi du Legorretako 41. Korpus Krosa, errekorretik 4 segundora geratuta
Partaidetza kopurua inoizko handiena izan du korrika proba zaharrak: 197 partaide. Emakumeetan, Raluka Ispizua bilbotarra nausi.
Ekitaldi borobila izan du gaur Legorretako 41. Korpus Krosak. Eguraldi paregabea, sekula baino korrikalari gehiago irteera-marran (197), eta denbora-marka hausteko ahaleginean aritu diren atletak. 11:30ean puntuan, Bilkoin elkartearen paretik abiatu dira partaideak, 7,5 kilometro luzeko hiri-ibilbide gogortxea osatzeko. Lehen biratik, Aritz Garin billabonarra –ohikoa da Legorretako proban– eta Raul Gomez lasartearra jarri dira lasterketa buruan.
Hiru itzuli egin dizkiote zirkuituari. Aritz Garin irabazleak 23:52an gerarazi du erlojua, Igor Espartzaren errekorretik oso gertu (23:48 da gizonezkoetan marka). Gomez bigarren sailkatu da (24:18) eta Jon Ander Cabero tolosarrak osatu du podiuma (24:45).
Emakumezkoetan, Raluka Ispizua bilbotarrak irabazi du Korpus Krosa, 28:49 minutuko denborarekin. Ainhoa Sanz urretxuarraren marka urrutixeago geratu zaio (27:26 da nesketan). Bigarren Oihana Oleaga izan da (30:23), eta hirugarren Ainara Urrutia aretxabaldarra (30:34).
Helduen krosaren aurretik, haur mailetako lau proba jokatu diraj. Benjaminen erakustaldiaren ondoren (sailkapenik ez dute zehaztu), alebinak irten dira korrika (2007-2008an jaioak); Iker Intsausti eta Natali Belamendia izan dira garaile, parte-hartzaileren artean. Infantiletan (2005 eta 2006koak), Ane Martinek irabazi du karrera, eta mutiletan Martin Iraolak. 15 korrikalari ziren. Azkenik, kadeteen proban bi bakarrik zeudenez izena emanda, nagusiekin batera irten dira horiek, itzuli bakarra osatzeko: Eneko Ugartemendia eta Irati Goikoetxea saridun.
Probaren aurretik, talidomida botikak kaltetutakoen elkartearen alde argazkia atera dute, helduen krosaren irteeran. Irailaren 7an, 18:30ean, talidomidak kaltetutakoen alde beste kros bat jokatuko da Legorretan, 7 kilometrokoa eta beste ibilbide batekin.