Segurako festetan, kuadrillen eguna gaur
San Joan jaietako bigarren jardunaldian, lagun-taldeek egundoko festa daukate. Eguerdian jolasak egin, plazan elkartu, eta uneka goritzen joan da giroa.
Segurako jaietako kuadrillen eguna gaur ospatzen ari dira. Goizean, jolasak egin dituzte plazan. Indar erakustaldirik batere ez, iaiotasuna eta punteria ona besterik ez zituzten behar, proba berezietarako: txapela jaurtiketa, alpargata saskiratzea eta penaltia sartzea (baina plazaren alderik alde). Hamar taldek parte hartu dute, eta abilenak “73-74-75-76ko kuadrilla” izan da. Haurren sailean ere banatu dituzte sariak: lepoko jaietako zapi hori berezituak.
Lagun-taldeak bakoitza bere izen kurioso eta elastiko koloretsuekin irten dira. Robin Zurrut kuadrillakoek, esaterako, kamiseta berezia atera dute aurten: Segura futol taldearen elastiko historikoa berreskuratu dute, zutikako marra hori-belztuna. Beterano bati baino gehiagori drizt egin die begiek, plazan ekipazio hori ikusitakoan. 1970-80ko hamarkadetako Seguraren koloreak dira, eta orduko presidente Joxe Gereñurekin argazkia ere atera dute.
Bazkaltzera sakabanatu dira zenbait talde, baina belaunaldi gazteagoek frontoi zaharrean egin dute hitzordua. 170 bat lagun eseri dira kuadrillen arteko bazkarira. Arratsaldean jarraituko du festak Seguran:
16:00. LXI. SAN JOAN TXIRRINDULARI PROBA: Elite eta Sub-23. (Txirrindulari Elkartea)
17:30-19:00. TOKA ETA BOLA TXAPELKETA Erreboten
18:00-20:00 ELEKTROTXARANGA (Segurako Gazte Asanblada)
19:30-21:30DISKO FESTA IÑIGO ETXENIKEREKIN
19:30 “2019ko KOADRILA” LEHIAKETA. KANTUAK plazan, ondoren sari banaketa. “2019ko KOADRILA TXAPELDUNEI” SARI NAGUSIA
23:30DISKO FESTA IÑIGO ETXENIKEREKIN
[ARGAZKIAK: Aimar Maiz]