«Txalotzekoa da hainbat eskalatzaile egiten ari diren lana»
Duela zenbait urte eskaladan eta alpinismoan aritutakoa, eta eskalatzaileetan eta eskalatzaileen lesioetan espezializatutako fisioterapeuta da Ormazabal. Berria egunkariak argitaratu du elkarrizketa.
Xabier anaiarekin batera hasi zen eskalada munduan Andoni Ormazabal (Urretxu, 1978), hark erakarrita. Oso gazterik galdu zuen anaia, Cho Oyutik behera zetorrela, 23 urterekin. Fisioterapia ikasketak egin eta bide oparoa osatu du. Badira urte batzuk eskaladako euskal selekzioarekin lanean hasi zela. Gaur egun, Espainiako eskalatzaile gehienak ere bere eskuetatik pasatzen dira.
Berria egunkariak gaur argitaratu duen elkarrizketaren pasarte batzuk:
Xabier anaiarekin hasi zinen. Oso gazterik hil zen, 23 urterekin, Cho Oyun. Gauza handiak eginak zituen ordurako. Nola gogoratzen duzu?
Izugarrizko energia eta motibazioa zuen mutil gazte bat zen. Espedizio batetik etortzen zenean, ez zuen hurrengoan pentsatzen, baizik eta hurrengo bost espedizioetan. Mendi gose handia izaten zuen beti, eta oso indartsua zen fisikoki eta psikologikoki. Sufrimendurako gaitasun handia zuen, gainera.Ikasketaz, fisioterapeuta zara. Zergatik?
Betidanik gustatu zait, txikitatik argi neukan fisioterapeuta izan nahi nuela. Ama erizaina dut, eta berak ezin zituen fisioterapeuta ikasketak egin, ni oso gazte zela eduki ninduelako. Bere gogoa kutsatu zigun etxekooi; arreba ere fisioterapeuta da.
Oso gazterik hasi zinen eskalatzaileekin lanean.
Mendiarekiko loturari eutsi diot beti. Josean Mulas euskal selekzioaren hautatzailea zela, taldearekin joateko eskatu zidan. Han ezagutu nituen Patxi Usobiaga, Irati Anda… Orduan eskaladako lesioak ez ziren oso ezagunak, eta ni asko erakartzen ninduten lesio horiek. Dena berria zen, baina gauza berriak ikasteko aukera paregabea ikusi nuen. Eskaladako lesioetan aditua naizela esan dezaket. Nire bezeroen %90 eskalada mundukoak dira.
- Irakurri elkarrizketa osoa Berria egunkariaren webgunean.