Ekainean hotz-beroa neurriz gain
Berandu, baina oparo agertu da bat-batean piperren eskaintza, tartean hain estimu handia duen Ibarrakoa; hainbat fruta gorri berri, eta landareetan udazkeneko eskaintza hasita dago.
Lehen piperrak ekarri dituzte azkenean. Azkenean diogu, hilabete batez atzeratu baita horien agerpena. Maiatzeko azken ferian ez bada, ekaineko lehenean ekartzea normala bilakatu da azken urteetan, negutegikoa noski. Aurten, berriz, atzo arte ezta negutegikoa ere. Atzo lehenak eta bat-batean, eskaintza oparoa. Esther Illarramendirenak, izenari izana emanez, Ibarrako langostinoak, lehen ozpinetako piperrak eta «aire librekoak gainera, martxoaren 20 inguruan aldatuak», Esther ama-alabek esan zigutenez. Kiloa 12 euroan zuten. Beste zenbait salmahaitan ere bazen, 10-13 euro artean.
Momentu berean ekarri zituzten piper luze gozoa, Gernikakoa (8€/k), morroa eta italiarra (3,5€/k), guzti horiek oraindik negutegikoak.
Aire libreko lehen kuiatxoak Itsasoko Maria Jesus Oriaren postuan aire batean saldu ziren, 0,70-0,80 euroan alea.
Fruitu gorrien eskaintza
Aramako Goikoetxeberri baserrikoa izaten da urtero india-mahats, mugurdi, masusta beltz, andere-mahats edo grosella gorri eta beltzaren jatorria. Aurten ere halaxe, marrubiekin mahai gain dotorea osatuz. Saldu ezagunenak saltzen dira, marrubiak eta mugurdiak bereziki, besteek «lana ugari eta saldu gutxi» adierazi zigun umorez Liher Sukiak, behin oporrak hartu, eta ohikoa duen moduan, izeba Arantxa Zurutuza laguntzen ari zenak. Aran gorriak, gereziak eta sanjoan sagarrak osatzen zuten atzoko fruta eskaintza.
Eta landareak beti bezala urtaroen aitzindari. Udazkenekoen eskaintza hasia da, datorren astean aipagai izango ditugu.
Uda bero-bero hasi da
Halaxe, udaren seinaleak nabarmen ekaineko azken azokan, udako lehenean: erritmo aldaketa batetik, jendea beranduago hasi da eta ikasle gazteen presentzia ere bai, erosketak egiten edota saltze lanetan. Bero zen goizetik, 18 gradu 07:30ean eta iragarritako beroaldiari nola neurria hartu hizpide. Bestalde, udaletxetik gora plazara sartu eta orain aste gutxira arte etxeko barazki eta arrautzak saltzera etorri ohi zen Orendaingo Lugarraga baserriko Kontxi Aiestaranek postua jartzeari utzi badio ere, ahizpa Pepita eta biak ez dira Ordiziako feria uztekotan. Sarri diogun moduan, salerosketaz harago, askorako ematen baitu asteazkenero hitzordu honek.