Ikasle Abertzaleek Ormaiztegin ekin diote Goierriko Martxari
Frontoi txikian elkartu dira. Kideak egunean zehar batu dira. Bazkaria, hitzaldia, gaztetxearen aldeko elkarretaratzea eta bertso afaria egin dituzte lehen egunean
Atzo goizean bildu ziren Ormaiztegiko frontoi txikian. Ikasle Abertzaleek han egin zuten hitzordua Goierriko Martxari hasiera emateko. Atzoko eguna Ormaiztegin egin zuten eta gaur goizean Idiazabalera bidea egingo dute. Bihar Zaldibiara doaz hango Gazte Festarekin bat egitera.
Egunean zehar kideak batuz joan ziren. Goizean auzolana egitekoak ziren Ormaiztegiko Gaztetxean, baina haren okupazioa bertan behera geratu zen aurreko ostegunean Ekaitz tabernatik okupatu eta Gaztetxe bihurtu nahi zuten espazioa irtenarazi zituztenean. Eguerdian bazkaria egin zuten elkarte batean eta ondoren hezkuntza sistema kapitalistaren inguruko hitzaldia egon zen.
Arratsaldean Gaztetxearen aldeko elkarretaratzea egin zuten eta iluntzean bertso afaria izan zen Iturriotz, Bizkarra eta Aiestaranekin. Gaua Ormaiztegiko frontoi txikian igaro dute eta goizean Idiazabalera abiatu dira, oinez. Handik, bihar, Zaldibiara joango dira hango Gazte Festan parte hartzera.
Martxaren helburua da, atzo Ormaiztegiko frontoian bildu zirenen arabera, «Goierriko gazteak elkar ezagutzea eta borroka komunitatea indartzea, elkarren arteko harreman sendoak sortuz».
Osteguneko okupazioaren berri esku-orri bidez postontzietan
Aurreko ostegunean Ormaiztegiko Ekaitz taberna zena okupatu zuten eta auzolanean hasiak zirela, Ertzaintzak gazteak irtenarazi zituen. Alabaina, jabeekin negoziazioa hasi dutela diote Gedar, langile kazetan, baita «Ertzaintzaren ekintzen gain hartuko dituzten neurriak» baloratzen ari direla ere. Atzokoan Gaztetxeko auzolanarekin jarraitzekoak ziren. Aitzitik, handik irtenarazi zituztenez, Ormaiztegiko etxebizitza guztietan okupazioaren berri eta gaztetxearen premiaz mintzo den esku-orria banatu zuten.
Diotenez, «urte luzez erabilerarik gabe egon den espazio bat eraberritzea ilegala izan badaiteke ere, herritarron onerako egiten den heinean, legitimoa dela deritzogu». Ekaitz taberna 18 urtez itxita egon da. «Gure asmoa espazioa ondo zaintzea da, benetan gure proiektua gauzatu nahi dugulako, denontzako espazio eroso bat izatea nahi dugulako, herritar guztientzat zabalik egongo dena». Jabearekin nahiz herritarrekin hitz egiteko prestutasuna ere agertu dute.