Umiltasunean txapeldun
KrosFit Box-en arteko txapelketan hirugarren gelditu dira Maddi Noguera ataundarra eta Ibai Iturrioz orexarra, Hondarribian. Ordiziako Txindoki KrosFit Boxean entrenatzaile lanak egiten dituzte biek.
Entrenamenduen bitartez hobekuntza fisiko eta funtzionala lortzea helburu duen sistema da KrosFita. Entrenamenduak box-etan egiten dira, gimnasioen antzeko gune batzuetan. Azken urteotan, nabarmen egin dute gora kirol honen zaletuek, eta ez hori bakarrik, txapelketak ere egiten hasiak dira. Ordizian, badago Txindoki Crossfit izeneko box bat, eta bertan aritzen dira Maddi Noguera ataundarra eta Ibai Iturrioz orexarra. Box-en arteko txapelketan hirugarren egin dute bikote mistoen artean.
Duela urte batzuk Hondarribian antolatzen zuten Bikingo Egunaren barruan hasi ziren egiten Krosfit Txapelketa, Noguerak kontatu duenez, baina «azkeneko urteetan hortik kanpo egin dute». Aurten, Hondarribiko, Hendaiako eta Irungo Boxek antolatu dute, argitu du Iturriozek. Hondarribian egin zuten txapelketa ekainaren hasieran.
Lehenengo aldia da bikoteka horrelako txapelketa batean parte hartzen zutela. Biek zuten lehiatzeko gogoa aspalditik, eta aukera hori parean jarri eta izena eman zuten. «Probatzera» joan zirela esan dute, eta espero ez zuten hirugarren postua lortu zuten azkenean.
Horrela kontatuta, badirudi horrelako txapelketa batera lehenengo aldiz joan eta sailkapen on bat lortzea gauza erraza dela, baina ez da horrela. Biek ala biek umiltasunez hitz egin dute lortutakoaz, aparteko zerbait egin ez balute bezala. Baina biak bost minutuan ariketa batzuk egiten ikustea baino ez dago. Tximinoen antzera igotzen dira barrara.
Probatzearren hasitakoak
Noguera duela lau urte hasi zen KrosFitean Donostian. «Lagun batek gomendatuta» probatu zuen. «Asko gustatu» zitzaion eta aurrera jarraitu zuen, honaino iritsi arte. Beste kirol batzuk praktikatu ditu, baina sekula ez maila horretan, eta pentsatu ere ez zuen egiten KrosFiteko entrenatzailea izango zenik eta txapelketa batean horrelako maila erakutsiko zuenik.
Iturriozen kasuan ere hasierak antzekoak izan ziren. Bera ere, duela lau urte hasi zen entrenatzen, unibertsitateko ikasketekin uztartzen zuen bitartean. Entrenamenduari esker, «hobetzen» joan da eta abileziak hartu ahala KrosFita gustukoago du.
Estrategiaren garrantzia
Diziplina desberdinak uztartzen dituen kirola da, eta txapelketara joan baino bi egun lehenago arte ez zuten jakin zeintzuk ziren fase bakoitzean egin beharreko ariketak. Hori bai, entrenamendu saioetan bezala, denbora tarte batean ariketa konkretu batzuetan ahalik eta errepikapen gehien egitea, edo ariketa jakin batzuen kopuru bat zenbat denboran egin izan ohi da sistema. Indarra, abilezia, erresistentzia, abiadura, flexibilitatea eta teknika behar dira, halterofilia, barrako ariketak eta gimnasioako ariketak uztartzen baititu besteak beste. Kirol «oso konpletoa» da.
Kirol guztietan bezala, estrategia oso garrantzitsua da KrosFitean ere. «Norberaren puntu indartsuak eta ahulak ondo identifikatuta izatea da gakoa» horrelako txapelketa bati aurre egiteko. Txapelketan podiumera igotzeak, «hurrengo txapelketetan ere parte hartzera animatu» ditu. Momentuz ez dute hurrengo datarik, baina ziur albiste izango direla laster.