Alex Aranburuk garaipena lortu du Burgosko Itzuliko laugarren etapan
Gaurkoan ez du barkatu txirrindulari ezkiotarrak eta bera izan da Cluniako helmuga zeharkatzen lehena. Sailkapen nagusian 9. dago eta puntukako sailkapenean liderra da.
Asteartean 2. postuan amaitu zuen etapa Alex Aranburuk. Garaipenak muturren aurrean ihes egin zion, azken metroetan Nizzolok aurreratu baitzuen. Gaurkoan, ordea, garaipena berea izan da; eskuak altxatzeko astia ere izan du ezkiotarrak.
Gaurko etapak ere goraka zuen amaiera, eta lasterketa amaiera hau gogortzen saiatu dira taldekideak. Aipagarria Jon Aberasturik eginiko lana ere, pelotoian erritmo bizia jarri baitu azken igoeran; eta honek indartsuenari egin dio mesede: Alex Aranbururi. Azken zuzenbidean aurrea hartu die gainerako txirrindulariei eta inork ezin izan du bere erritmoa jarraitu. Caja Rural taldeari itzuli honetako bigarren garaipena eman dio.
Etapa garaipenaz gain, Aranburu 9. dago sailkapen nagusian, Ivan Ramiro Sosarengandik minutu bat eta 32 segundora. Honez gain, puntukako sailkapenean lehenengo postua eskuratu du gaurko garaipenarekin, eta erregularrenaren elastiko berdearekin izango da biharko irteeran.