Irailaren 1ean izango da XV. Usurbe igoera
Beasainmendiko festen barruan antolatzen den lasterketa Irailaren 1ean izango da aurtengoan. Lasterketak 4,7 kilometroko luzera izango du eta 446 metroko desnibela.

Urtero antolatzen duten lasterketa da Usurbe igoera, aurtengoa hamabosgarren edizioa izango da. Irailaren 1ean lehiatuko da, 11:30etan. Beasaingo Artzaieneko plazan emango diote hasiera lasterketari korrikalariek, eta 4,7km egin beharko dituzte. Desnibel positiboa 446 metrokoa da, eta batez besteko penditza %9,5-ekoa. 620 metrotara amaituko da lasterketa.
Iazko lasterketan, gizonezkoetan azkarrena Ahmed Moujane izan zen, Beñat Katarain zegamarraren eta Aimad Bouzianeren aurretik. Emakumezkoetan, berriz, Majida Maayouf iritsi zen Agortara lehenengo; Sara Alonso eta Maialen Loyo izan ziren helmuga zeharkatzen bigarrena eta hirugarrena, hurrenez hurren. Lehenengo beasaindarrak Koldo Agirre eta Amaia Barandiaran izan ziren.
Izen-ematea internetez egiteko aukera izango da www.herrikrossa.com webgunean, edo irteeran goizeko 10:00etatik aurrera. Izen-ematearen prezioa 10€-koa izango da internetez, eta 12€ izango da ordaindu beharrekoa egunean bertan. Sari berdinak izango dira gizonezko zein emakumezkoetan: garaileak 120€ eta txapela eskuratuko ditu, bigarren sailkatuak 70€ eta hirugarrenak 50€. Lehen herritarrentzat sari berezia izango da, eta errekorra hausten duenak 80€ eskuratuko ditu. Parte-hartzaile guztientzat kamixeta eta hamaiketakoa ere izango dira.