Adrenalized, Liher, NCC eta Unidad Alavesa, Ordiziarrock 2019 jaialdian
Ordiziarrock jaialdiaren 16. edizioa urriaren 17tik 19ra egingo dute. Aurretik, 'Baserri ta rock' kontzertua ere egingo dute Oiangun, irailaren 13an.
Urriaren 17tik 19ra bitartean egingo dute Ordiziarrock jaialdiaren 16. edizioa. Antolatzaileek dagoeneko zabaldu dute kartela, eta baita joko duten taldeen izenak ere. Euskal Herriko nahiz gure mugetatik kanpoko rock doinuak ekarriko dituzte aurten ere. Besteak beste, Adrenalized, Liher, Leihotikan, Nuevo Catecismo Catolico, Unidad Alavesa, The Riff Truckers, Capsula eta Higa taldeak ariko dira eskenatokian. Giroa berotzeko, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artola musikarien kontzertua ere izango da.
Jaialdian, iazko ediziotik hona zendu diren hainbat lagun izango dituzte gogoan: Beasaingo Olarius eta Ima, Ormaiztegiko Saña eta Lazkaoko Aitor Roman. Olariusen Brothersak izenburupean, haien hainbat lagun ariko dira musika jartzen.
‘Baserri ta rock’
Urrira itxaron beharrik gabe, Ordiziarrock taldekoek beste saio berezi bat ere antolatu dute irailerako. Hilaren 13an izango da, Oiangun. Baserri ta rock lemapean, Maddi eta Dupla taldeak ariko dira, 20:00etatik aurrera, Oiangu baserrian.