Emakumeak errugbira gerturatzeko jardunaldia antolatu du Ordizia Rugby Elkarteak
'Ekarri lagun bat' ekimenak errugbiaren bueltan 100 emakume elkartzea izango du helburu
Oporraldiaren ostean, aste honetan bertan hasiko da lanean Ordizia Rugby Elkarteko emakumeen taldea. Asteartean eta ostiralean egingo dituzte entrenamendu saioak, 19:30ean, Altamiran. Bestalde, denboraldi berrirako, jokalariak erakarri nahian, jardunaldi berezia antolatu dute datorren irailaren 7rako. Ekarri lagun bat entrenamendu berezia egingo dute Altamiran, 10:00etan hasita. Klubeko kide guztiek parte hartu ahalko dute eta beren inguruko emakumeak errugbira gerturatzea du helburu. Aurretik ere egin zuten horrelako entrenamendu saio bat eta 50 emakume elkartzea lortu zuten. Oraingo honetan, kopuru hori bikoiztu egin nahi du klubak. 100 emakume errugbian jokatzen jartzea da helburua.
Aurredenboraldia
Ordizia Rugby Elkarteko neskek datorren abuztuaren 31an, larunbatean, 2. Melokotoi Txapelketa jokatuko dute Zizurkilen. Irailean, entrenamendu saioak eta lagunarteko partidakin tartekatuko dituzte, iraila bukaeran txapelketa ofiziala hasi aurretik.