«Aginduak jasotzera ohituta nengoenez, ez nekien agintzen»
Oiartzungo Gurutze-Berri jatetxeko nagusia da Maria Luisa Ruiz (Zumarraga, 1934). 50 urte pasa dira bere senarrak eta Luis Irizarrek jatetxea hartu zutenetik eta urteurrena ospatzen ari dira.
Aspalditik Oiartzunen bizi zara, baina zumarragarra zara.
Aita bizkaitarra zen, Somorrostrokoa. Trenbidean lan egiten zuen, Vascongadoetan, eta Zumarragara ezkondu zen. Nire ama ezkiotarra zen. Lau anai-arreba ginen eta hiru bizi gara.
Zein ikasketa egin zenituen?
Mojen ikastetxera joan nintzen. Garai hartan beraien ikastetxea parrokiaren parean zegoen. Gainontzeko familia umilen seme-alabek bezala, oinarrizko ikasketak egin nituen. Amaren ahizpa bat Donostiako Azaldegi jatetxeko zerbitzaria zen eta berarekin eraman ninduen. Bertan nire senarra ezagutu nuen: Xabier Zapirain sukaldari oiartzuarra. Oso jatetxe ona zen. Mirakontxan zegoen. Garai hartako jatetxe onenetakoa zen. Bezero asko madrildarrak ziren.
Ezkondu aurretik, senarra Londresera joan zen.
Urtebete eman zuen bertan. Ondoren, ezkondu egin ginen eta elkarrekin Londresera joan ginen. Lau urte pasatxo eman genituen bertan. Alaba nagusia bertan jaio zen. Hiru semeak, berriz, hemen jaio ziren.
Londresen ere zerbitzari lanetan aritu al zinen?
Ez, ez bainekien ingelesez hitz egiten. Jostun tailer batean lan egin nuen, josten abila bainintzen eta josteko ez bainuen hitz egiteko beharrik.
Zergatik erabaki zenuten Euskal Herrira itzultzea?
Alaba nagusia jaio zenean, senarrak Euskal Herrira itzultzeko garaia zela esan zuen. Orain itzultzen ez bagara, haurra hazten denean ez gara itzuliko, esan zidan.
Non lan egin zenuten itzuli zinetenean?
Donostiako Alde Zaharreko jatetxe bat hartu genuen eta Oiartzun izena jarri genion. Egun, Aitona du izena. Lauzpabost urte eman genituen jatetxe hartan.
“Jatetxeak ez zuen bientzako ematen
Luis Irizarrek guri uztea erabaki zuen”“50 urte hauetan lan asko egin dugu,
baina senarrarekin oso ondo bizi izan naiz”
Noiz etorri zineten senarraren jaioterrira?
Gurutze-Berri jatetxea Oiartzungo ahizpa batzuena zen. Nire senarraren ahizparen lagunak ziren. Ezbehar bat izan zuten eta jatetxea nire senarrari eskaini zioten. Senarrak Luis Irizarrekin hitz egin zuen eta jatetxea elkarrekin hartu zuten. Lauzpabost urte eman zituzten elkarrekin. Jatetxeak ez zuen bientzako ematen eta Luisek nire senarrari uztea erabaki zuen. Semeak dituzu eta negozioarekin jarraitu ahal izango dute, esan zion. Berak alabak ditu, baina batek sukaldaritza eskola bat izan du. Luis pertsona zoragarria da.
Aurten 50. urteurrena ospatzen ari zarete. 50 urte hauetan denetik egitea tokatuko zitzaizun.
Hala da. Zerbitzari lanetan aritu nintzenez, negozioa ezagutzen nuen. Baina hasiera gogor samarra izan zen. Izan ere, aginduak jasotzera ohituta nengoenez, ez nekien aginduak ematen. Dagoeneko ohitu egin naiz, baina hasieran ez da erraza aginduak ematea. Gaizki pasa nuen.
Zure senarra urtarrilean hil zen.
Sukaldari, senar, aita eta pertsona bikaina izan zen. Gabonen ondoren ateak ixten ditugu eta otsaila erdialdean itzultzen gara. Aurten oso gogorra da itzulera. Xabier eta Gorka semeak eta hirurok gara arduradun nagusiak. Xabier hotelaz eta sukaldeaz arduratzen da eta Gorka jangelaz. Biek Frantzian ikasi zuten ofizioa. Alaba nagusiak eta beste semeak ez dute jatetxean lan egiten.
Lan polita al da?
Bai, baina gogorra ere bai. Lan asko egin dugu 50 urte hauetan, baina senarrarekin oso ondo bizi izan naiz eta oso gustura egin dut egin dudan guztia. 50. urteurrena dela eta, inoiz baino bezero gehiago izan ditugu. Jende asko hurbildu da gu zoriontzera.
Gurutze-Berri izen handiko jatetxea eta hotela da.
300 lagun baino gehiagorentzako tokia duen jangela bat eta 36 logela ditugu. Uztailean eta abuztuan hotela beteta egon da.
Nongo bezeroak dituzue?
Frantses asko etortzen dira. Aurten, errusiarrak, israeldarrak… ere egon dira.
Zein da arrakastaren gakoa?
Lana. Oso saiatua izan behar da. Nire semeek egunaren zati handi bat hemen ematen dute. Negozio handia da eta langile batzuk ditugu, baina arduradunak bi semeak eta ni gara. Semeak oso profesional onak dira, baina bezero askok ni ezagutzen naute eta hemen egon beharra dut. Inguru honetako jende askok gure jatetxean egin du eztei-oturuntza. Zumarragako jendea ere etortzen da. Ama hil zenetik ez naiz asko joaten Zumarragara, baina asko gogoratzen naiz herriaz. Bihotzean daramat.