Liztor beltzaren habia hustu dute Latxartegi parkean
Suhiltzaileek Latxartegi plaza itxi behar izan dute, asiar liztorraren habia bat aurkitu eta gero. Habia kentzea arriskutsua zela eta, pozoina botata uxatu dituzte liztorrak.
Suhiltzaileek Legazpiko Latxartegi parkea itxi behar izan zuten atzo iluntzean, liztor beltz edo asiar liztorraren (vespa velutina) habia bat aurkitu eta gero. Plazako izei handiaren gainaldean zegoen habia, eta kamioiaren beso mekanikoa luzatuta aritu ziren lanean. Habia kentzeko modu bakarra behera botatzea izango litzateke, baina horrek sor lezakeen arriskua ikusita, bertan uztea erabaki zuten. Habia kendu partez, pozoina bota zuten habian, eta liztorrek ordu batzuen buruan habia utzi eta alde egingo zutela azaldu zuten teknikariek; baita habia euriarekin bere kasa desegingo dela ere.