Altamira, denboraldi berrirako prest
Futbol eta errugbi federazioen araudietara egokitzeko berrikuntzak egin dituzte Altamirako zelaian. Lanek hiru asteko iraupena eta 262.000 euroko aurrekontua izan dute.
Oporretatik bueltan ohikoak dira herrian hainbat berrikuntza aurkitzea. Ordiziaren kasuan hala izan da behintzat. Nabarmenena, Altamira zelai berritua izan da. Uztailean hasi zituzten lanak eta abuztuaren erdialdetik erabilgarri dago. Jon Ander Caballero Ordiziako Udaleko kirol zinegotzia «oso pozik» agertu da, lanak «uste baino azkarrago amaitu»direlako eta, gainera, «aurreikusita zutena baino gutxiago» kostatu delako azkenean. Majori kiroldegiko obrak ere aurrera doaz «poliki-poliki».
Hiru aste eskasetan amaitu ditu Zaragozako Mondo Iberica enpresak Altamirako errugbi eta futbol zelaiaren berritze lanak. Udala emaitzarekin «pozik» dago, aurrerantzean Ordiziak «zelai profesionalagoa» izango duelako. Ordiziako Udalarentzat «proiektu estrategikoa» izan da, Caballeroren hitzetan. Guztira, 262.300 euroko inbertsioa egin dute.
Homologazioak lortuta
Altamirako zelaia berritzea behar-bearrezkoa zen. Belarraren egoera dagoeneko ez zen oso ona baina gainera, Errugbi eta Futbol Federazioen araudia betetzea nahitaezkoa zen, Ordizia Rugby Elkarteko eta futbol taldekoek bertan jokatzen jarraitu nahi bazuten. Horretarako, zelaia egokitzea beharrezkoa izan da. Belarraren azpian oinarri elastikoa ipini behar izan dute eta haren gainean belar artifiziala. Oinarri elastikoa segurtasun neurri bat da. Izan ere, jokalariak lurrera erori eta min gutxiago hartzeko balio du. Kirol zinegotziak argitu duenez, «berriztatze lanak amaituta, abuztuaren 16an egin zen homologazioa». Beraz, errugbi eta futbol taldeek normaltasun osoz ekin ahalko diote denboraldi berriari.
Egindako berriztapenei dagokienez, aipatutakoez gain, zelaiaren neurria ere aldatu da, orain txikiagoa baita. Futbolari bideratutako espazioa 98×65 metrokoa da, eta errugbiari dagokiona, berriz, 113,8 eta 65 metrokoa.
Ureztapen sistema ere berritu dute. Iaz, Anexoko ureztapen sistema berritu eta hango esperientzia «ona» ikusita, Altamirako zelaian ere «sistema berdina» jarri dute. «Belarrean txertatuta dauden aspertsoreak jarri dira, erabilpena eta mantenimendua errazteko».
Erabiltzaileen beste eskaera bati erantzunez, biltegi berri bat ere eraiki dute. Kirol elkarteek erabili ohi dituzten materialak gordetzeko erabiliko dute.
Hurrengo erronkak
Altamirako lanak bukatuta, kirol intalazioen inguruan udalak dituen hurrengo erronken inguruan mintzatu da zinegotzia. Batetik, Majori kiroldegian, «gimnasioa urrian irekitzea» da asmoa. Gainera, Altamirako zelaia berritzeko aurrekontua aurreikusitakoa baino txikiagoa izan denez, soberakina «makina berriak erosteko» bideratuko dute.
Bestalde, Altamirako atletismo pistari dagokionez, Majoriko obrak dirauten bitartean «helmugako kaleak zabalik egongo dira, baina bestaldean hiru kale mantenduko dira zabalik, obretako kamioiak aurrera eta atzera dabiltzalako». Dena den, oraindik informazio gehiegi ematerik izan ez badu ere, udalak «atletismo pista berritzeko asmoa» duela aurreratu du.