Lekadunak berandu fruta urte on honetan
Produktu berri askoko asteak izan dira amaitzear den abuztuan, baina oraindik ere zer aurkeztua bada azken egun hauetan.
Opor giroan joan dira azken asteak. Ohiko bezeroen faltan urtean zehar etortzerik ez dutenek baliatu dute fe- riara etortzeko. Kanpoko jendea ere ibili da; «gaur Madrilerako eta Valentziarako enkarguak ditut» adierazi zigun Itziar Etxeberriak, «Idiazabal jatorri izendapeneko gaztak arrakasta du oporretako opari gisa».
Oso hilabete emankorra izan da abuztua. Barazki eta frutak orokorrean beranduago datoz denak, eta urte arraroa doaneko sentsazioa dago. Lekadunak atzeratzen ari dira. Atzo babarrun pinttoa ekarri zuen Arantxa Zurutuza aramarrak (10€/k leka eta guzti). Zuria ekarri zuten duela bi aste prezio berean eta beltza, beste urte batzuetan abuztu bukaeran ekarri izan duten arren, aurten oraindik ere itxoin beharko dela esan zigun Juanita Murgiondok: «Azken euriak on egin dio eta oso itxura ona du». Leka edo bainari dagokionez lau-bost mota daude aukeran. Tomatea, berriz, aleak bai ederrak, baina gorritzea kosta egin zaie eta gaitzak asko hondatu ditu. Atzo lehen gerezi-tomate gorria eta horia (4€/k) ekarri zuen Baliarraingo Edurne Jauregik. Piperrentzat, aldiz, urte ona doa, ugari ikusten da. Udazkenean eta neguan ikusiko ditugun txikoria lisoa eta kizkurra eta kale aza lisoa eta kizkurra hasi dira.
Frutei dagokienez, aran asko, basarana, muxika eta sagar eta udare mota ezberdinak ekarriak izan dira astero-astero abuztuan zehar. Atzo, Red Star sagar gorria ekarri zuen Errezilgo Joxe Antonio Aizpuruk.
Gibelurdin dotoreak
Mikologia atala, berriz, beti zer esana ematen duena da, bilatzaileen gora beherengatik edota propio erostera ere jende asko etorri ohi delako. Orain arte kanpokoa izan bada nagusi, atzo ikusitakoen artean hemengo gibelurdina azpimarratuko genuke; postu ezberdinetan oso ederrak salgai ziren (20-28 €/k). Onddo, gorringo, zizahori eta lehen tripaki edo gamuzak ere aukeran ziren.
Landareei dagokienez, abuztu amaieran bruselaza eta gainerako udazkeneko azentzat ia landatzeko azken egunak dira. Lore postuetan ere poliki-poliki eskaintza aldatzen ari da, eta lehen azaleak udako loreen tokia hartzen hasiak dira.
Atzokoarekin, bukatu dira abuztuko feriak eta aurten iraileko bigarren asteazkenekoa, 11koa, Euskal Jaien barnean, izango da urteko sona handienekoa.