«Musika eskolaren egoitza berria egindako lanaren aitortza da»
Musika Eskolako sorreran parte hartu aurretik etxean ematen zituen piano eskolak Rodrigezek (Legazpi, 1953). Jubilatu berri da. Eskolaren historia eta berea lotuta daude.
Gazte-gaztetan hasi zinen piano irakasle lanean, nolatan?
Pianoa jotzen ikasten Kontxita Biterirekin hasi nintzen, 8 urte nituela. Amak bidalita joan nintzen, baina pianoak harrapatu ninduen, eta horrenbeste gustatu bazitzaidan irakasle harengatik izan zen. 16 urte nituenean Biteri irakaslea Donostiara aldatu behar zela, eta irakasle hastea proposatu zidan; ordurako nik Donostiako Kontserbatorioan ikasten nuen. Errespetu handiz ekin nion lanari eta hamar urtez etxean hartu nituen ikasleak.
Eskola sortu zenuten gero.
Ikasleak ugarituz joan ziren eta zerbait pentsatu beharrean nengoen. Organoa ikasten nuen Esteban Orbegozorekin, eta harekin eskola martxan jartzeko ideia sortu zen. Xabier Barriolak klarinetea jotzen zuen Legazpiko Musika Bandan eta beti egon da musikari estu lotuta. Nik, garai hartan, 90 ikasle hartzen nituen etxean, baina piano eskolekin bakarrik aurrerabide askorik ez zegoen. Izan ere, banda elikatu beharra zegoen ordurako musikariak zahartuz zihoazelako. Egungo banda, neurri batean, xede haren emaitza da bertan musikari gazte ugari baitago.
Nolakoak izan ziren eskolaren lehenengo garai haiek?
Eskola sortzeko proposamenarekin joan ginen udaletxera. Harrera epela egin ziguten. Orduan plazan zegoen eskolako lokalak uzteko prest agertu ziren, beti ere, haurrak eskolatik irteten zireneko ordutegietatik kanpo. Hala, haiek amaitu eta geu sartzen ginen. Hasiera gogorra izan zen. Dirurik ez genuen. Etxeko pianoa eraman nuen eta Agirre Etxeberrira joan ginen, Patrizio Etxeberriaren alabarengana, piano bat eskatzera. Egun Gizarte Zentroa den eraikinean piano zahar bat zegoen eta hura eskatzera joan gintzaizkion, hura ez zigula emango esan zigun, baina berri bat erosi zigun.
Noiz ireki zenuten eskola?
Eskola 1979ko urrian ireki genuen eta ikasle asko matrikulatu zen, 200 umetik gora. Xabier Barriola, Mari Kruz Bereziartua eta hirurok hasi ginen irakasle lanean. Gurasoek osatutako batzorde bat buru zela ekin genion. Hamalau urtez elkarte moduan aritu ginen eta urte haietan guztietan irakasleok ez genuen gizarte segurantzan kotizatu. Esan liteke, eskolak irakasleen sakrifizioei esker funtzionatu zuela. Trabak traba, poliki-poliki, musika tresna gero eta gehiago ikasteko aukera sortu genuen eta egoerak hobera egin zuen.
Gerora Saturnino Telleriako kaleko Familia Gurasoen egoitzara aldatu zineten eta han egon zarete Agirre Etxeberrin eskola ireki den arte.
1986an joan ginen Familia Gurasoen egoitzara, aurretik Artzain Onaren eskolatik egungo ikastola pasata. Berogailua genuen han eta bakarrik geunden; aurrerapausoa izan zen. Alabaina, arazoa bizilagunak genituela zen eta den-dena entzuten zela. Asko jasan dute bizilagun horiek guztiek. Monumentu bat merezi dute. Egoitzaz gain, urrats handia izan zen Eusko Jaurlaritzako diru laguntzak jasotzen hasi izana, zeren horrek udalaren inplikazio handiagoa eragin baitzuen.
Jubilatu berritan atzera begiratuz gero, zerekin geratzen zara?
Ikasle onak izan ditut, oso onak ere bai. Marta Zabaletari eskolak etxean eman nizkion nik 18 urtenituenean eta, harez gain, sari nabarmenak irabazi dituzten ikasle oso onak ere izan ditut; gehienak, ordea, ikasle xumeak izan dira. Une txarrak pasa ditugun arren, eskola gogo biziz eraiki dugu, nola bestela?
Zenbateraino aldatu da urte hauetan guztietan musika irakasteko pedagogia?
1992ra arte gure eskolakoa arautatuko musika irakaskuntza zen eta ikasleek Donostiako Kontserbatorioan egiten zituzten azterketak. Azterketa gogorrak ziren eta ikasleek prestakuntza handia behar zuten. Jubilatu aurretik bi ikasle prestatu nituen Kontserbatorioko azterketara joan zitezen, orain azterketa ez da hain gogorra; pentsa, lehen musika hizkuntzako azterketa lau klabeetan egin behar zuten! Aurki sistema digitalari helduko diote eta tabletakin hasiko dira, beraz are gehiago aldatuko dira erakusteko moduak.
Eta umeak, aldatu al dira?
Pentsatzen dutena errazago esaten dute, batzuk gehiegi akaso, baino gutxienak dira. Gu izan ginena baino irekiagoak dira, gu ez ginen ausartzen.
Musika eskola Agirre Etxeberrin dago jada, hasi zinetenean imajinatu ezinezko egoitza izango zen.
Bai horixe. 450 ikasle ditu Doinuak eta egoitza berria egindako lanaren aitortza da. Lanak izan ditugu bidean baina hor dago eskola, bizirik. Niri neure lana asko gustatu izan zait eta pozik nago egindakoarekin. Gauza batzuk, jakina, ongi egingo nituen eta beste batzuk ez hain ongi, baina pozik nago egindakoarekin.