Gabiriako Ostatuari goiko solairura sarbide berria eraikiko diote
Gabiriako Ostatuan irisgarritasuna hobetzeko obra egingo du udalak. Goiko solairurako eskailera eta igogailu berriak eraikiko dituzte, sarrera aparte izango duena, tabernatik igaro beharrik gabe. Ostatuzahar etxearen atzean altxatuko dute, irispidea kultur etxe aurreko kalexkatik dela.
Lanak kontratatzeko deialdi irekia egin du Gabiriako Udalak. Aurrekontua 177.118,58 eurokoa du (%21 BEZa aparte), eta bost hilabeteko epea izango du lana hartzen duen enpresak bukatzeko. Lehiaketara eskaintzak aurkezteko epea irailaren 23an bukatuko da, eta proposamen ekonomikoen gutunazalak urriaren lehenean zabalduko ditu udalaren kontratazio mahaiak.
Etorkizunerako prestatzen
Aurreko agintaldian ekin zion udalak Ostatua berritzeari. Irisgarritasun baldintzak hobetuta, etorkizunean ostatu zerbitzua jartzeko asmoa du, goiko solairuan gela batzuk egokituta. Gabiriako herri eskolako haurren jangela ere han dago. Leader programa europarretik diru laguntza jaso du proiektuak.













