Aitor Mantxola: "Ez espero izanagatik saria are gozoagoa izan da"
Gipuzkoako Artzain Egunaren barruan 35. Gazta Txapelketako 3. saria eraman dute Legazpiko Makatza baserrikoek
Aitor Mantxola Legazpiko Makatxa baserrian artzain lanetan dabil. Orain sasoi lasaia da artzainentzat, Artzain Egunetara biltzeko aroa, azaroan hasiko dira lanean buru-belarri. Mantxolak jaso zuen Gipuzkoako Artzain Egunean Makatzak 35. Gazta Lehiaketara aurkeztutako gaztagatik eramandako hirugarren saria.
Saririk espero al zenuten?
Ez, inondik ere, eta ez espero izanagatik are gozoagoa izan da.
Eta saria jaso zenutela jakin zenutenean?
Ezustekoa hartu genuen. Beste batzuetan finalera sartu garela aldez aurretik esaten digute sari banaketan oholtza inguruan egon gaitezen, oraingoan ez ziguten ohartarazpenik egin eta ez genuen espero. Halako batean jakin genuen eta poza handia izan zen.
Idiazabalen egingo den Euskal Herriko Gazta Txapelketarako txartela irabazi duzue bide batez.
Bai eta horrek ere poza eman digu. Han izango gara, urriko bigarren astean.
Zer dauka berezitik aurkeztu duzuen gaztak?
Ezer berezirik ez du, baina aurtengoa ona atera da. Ketutako gazta da, aparteko ezer ez diogu egin. Apirilean egindakoa da.