Pentsio duinen alde mobilizatzen jarraituko dute Goierriko Pentsiodunek
Ordiziako Plaza Nagusian egin dute pentsiodunek elkarretaratzea eta 40 bat lagun elkartu dira.
Pentsio duinen alde elkarretaratzea egin dute gaur goizean Ordiziako Plaza Nagusian, Goierriko Pentsiodunek deituta. Abuztuko etenaren ondoren, mobilizazioekin jarraituko dute. Gaurkoan, 40 bat lagun elkartu dira, pentsiodunen aldarrikapenak beste behin ere gizarteratzeko asmoarekin. Gizarte segurantza propioa, 1080 euroko gutxiengo pentsioa eta KPI eguneratua dira besteak beste eskatzen dutena.
Goierri behean, Ordizian ekin diote eta hurrengo astelehenetarako ere deitu dituzte elkarretaratzeak. Hilabeteko lehen eta hirugarren astelehenetan, Ordiziako Plaza Nagusia izango da elkargunea. Bigarren astelehenean, Lazkaoko plaza izango da eta laugarrenean berriz, Zubimusu plaza Beasainen. Astelehenero 11:00etan elkartuko dira.
Goierri garaian, Urretxu-Zumarragan elkartuko dira astelehenero, 2018ko otsailaz geroztik uztailera arte egin duten moduan. Datorren astelehenean, irailak 9, helduko diote berriro ere kaleetan mobilizatzeari.