«Gerrari buruz hitz egin ezean, ez gara gerraren beldur izango»
'Fighters for peace' erakundeko kidea da Jammal (Beirut, 1963). eta haren berri ematen ari da Europako hainbat tokitan. Opor aurrean, Urretxun pasa zituen egun batzuk.
Zer da Fighters for Peace bakearen aldeko borrokalariak?
Fighters for Peace erakundean 50 bat borrokalari ohi ari gara lanean, emakume eta gizon. Libanoko Gerra Zibilean (1975-1990) etsaiak izandakoak gara; hainbesteraino, ezen gerrak iraun bitartean kalean topatuz gero, elkar hilko genuela. Nik 13 urte nituen gerran sartu nintzenean.
Une jakin batean jabetu nintzen gerra ez dela irtenbidea eta lanean hasi nintzen. Soldadu ohiekin elkartu nintzen, haietako batzuk bahituta ere izan ninduten, pentsa. Aitzitik, guk elkarri barkatzea eta bakearen alde lan egitea erabaki genuen. Hala sortu genuen Fighters for Peace.
Emakume eta gizon.
Bai, emakumeak bakearen eraikitzaile hobeak zarete. Semea gerrara joatekoa bada, ezetz esango diozue. Niri aitak ideologia bat eta arma bat eman zizkidan, eta gerrara bidali ninduen.
Zein da zehazki zabaldu nahian zabiltzaten mezua?
Libanoko komunitateari mezu bat helarazi nahi diogu. Ez dugu nahi inork berriro bizi dezan guk bizi izan genuena. Gerra ez da play station-a, esaten diegu gazteei, gerran pertsonak hiltzera zoaz edo zu zeu hilko zara. Programak eta proiekzioak egiten ditugu. Artea nahiz sorkuntza erabiltzen ditugu eta borrokalari ohiak animatzen ditugu hitz egitera etor daitezen, haiek osatzen baitute gerraren memoria. Finean, jende gazteari erakusten diogu hamabost urtetan zehar elkar erailtzen saiatu ginela, gure herrialdea suntsitu genuela eta, oraindik ere, orduan sortutako zauriak zabalik daudela Libanon. Are gehiago, inork ez zuela gerra hura irabazi.
Gerrak itsutzen al du?
Hasieran esan ziguten bestea arerioa zela eta den-denak hil behar genituela, gero konturatu ginen ez zela horrela. Behin, guda bitartean, lerro berdea deitzen genuen muga pasa nuen eta nire etsaiarekin hitz egitera joan nintzen. Agian zoratuta nengoen edo adrenalina asko nuen odolean, ez dakit, baina pasa nuen muga eta etsaien liderrarekin mintzatu nintzen. Harrigarria izan zen niretzat haiek ere eskuetan bost hatz zituztela, bi begi zituztela eta, finean, ni bezalako pertsonak zirela konturatzea; hots, ez zirela beste planeta batekoak, ez zirela deabruak. Orduan hasi nintzen arerioak giza pertsonak bezala ikusten. Egun, Libanon beste gerra bat egon ez dadin lanean ari gara. Libanon dauden talde ezberdinen arteko tentsioei eusten saiatzen gara.
Nola eraiki zubiak?
Adibide bat jarriko dizut. Bi borrokalari hizketan dauden filma ondu dugu. Biak auzokideak dira, bakoitzak alde batean borrokatu zuen eta gerra ondoren lagunak egin dira. Guk elkartu ditugu. Filman, adibidez, bakoitzak besteari gogoratzen dio zein iskinatatik tirokatzen zion. Guk uste dugu gaur etsaiak direnak bihar bakea elkarrekin eraiki dezaketela. Gisa horretako filmen emanaldien ondoren solasaldiak egiten ditugu. Gerrari buruz mintza daitezen nahi dugu; askok ez dute nahi, traumak dituzte, gerraren memoria kaxa batean sartua dute, barruan gordetzen dute, itxi-itxita, eta hitz egiteko beldur dira.
Ni ez naiz beldur. Nik beti hitz egin nahi izan dut. Gerrari buruz hitz egin ezean, ez baikara gerraren beldur izango. Gerra orain 30 urte amaitu zen eta belaunaldi berriek dakitena euren familien bitartez dakite, baina zer esan diete euren senideek? Ez diete kontatu nik zuri kontatu dizudana. Familiek beti esaten diete bestea izan zen, hil gintuzten. Haatik, kontua ez da hori, guk hil genituen eta haiek hil gintuzten baizik, hau da, elkar erail genuen.
«Guk uste dugu gaur etsaiak direnek
bihar bakea elkarrekin eraiki dezaketela»«’Gerra ez da playstation-a’ esaten diegu gazteei,
gerran pertsonak hiltzera zoaz edo zeu hilko zara»
Euskal Herrian ere gatazka bizi izan dugu.
Bai, badakit. Noiz ez dakigu oraindik, baina Beiruten mundu mailako soldadu ohien kongresu bat egiteko asmoa daukagu, agian datorren urtean edo hurrengoan. Borrokalari ohiak bildu nahi ditugu, munduan zehar egon diren gatazketan parte hartu dutenak. Egun bakean sinesten duten borrokalari ohiak elkartu nahi ditugu: Kolonbia, Irlanda eta beste herrialde batzuetakoak, Euskal Herrikoak ere bai. Esperientzia trukea sustatu nahi dugu esperientzia ugari komunak izango direlako. Izan ere, giza pertsonak ez baikara horren ezberdinak han eta hemen. Inori ez diogu esango zu oker zeunden, ez dugu inor kritikatuko, nik nire burua baino ezin baitut kritikatu. Nik justizia sozialean sinesten jarraitzen dut eta haren alde borrokan. Alabaina, kalashnikova probratu dut eta sinestuta nago bide horrek ez duela funtzionatzen. Orain beste bide batzuetatik saiatzen ari naiz, batik bat, hitzaren bitartez eta, beti ere, nigandik urrunen dagoena ere errespetatuz. Ezin ahaztu baitut ni hemen hizketan nagoen bitartean beste batzuk ez daudela, eta ez badaude erailak izan zirelako da, akaso guk geuk hil genituelako. Ez nago harro.
Erakundean 50 bat lagun lanean ari zaretela esan duzu, gerran mobilizatutako guztiak askoz gehiago izango ziren.
Ez da erraza borrokalaria izatea, borrokalari ohi bihurtzea eta bakearen aldeko borrokalaria bilakatzea. Ez da erraza, inolaz ere. Gure kamarada ohi askok traidoretzat gauzkate, etsaiari eskua ematen diogula diote. Niri, oraindik umea nintzela ni baino handiagoa zen arma eman zidaten eta zoaz etsaia akabatzera, esan zidaten. Hortik ateratzeko modua aurkitzea ez da batere samurra izan, oraindik ere ez da. Urteetan ezin izan dut lorik egin. Gure komunitatean, artean, beste gerra baterako prest dagoen jende asko dago. Gu, hala ere, sinistuta gaude elkarrizketa dela bide bakarra, hitzek ez baitute inor hiltzen; armek, aldiz, jendea hiltzen dute.
Gure erakundea sortu genuenetik 2.400 ikaslerekin egon gara. Historiari buruz eskolak eman daitezke, baina gu historia gara, historia bizia gara eta gazteei hitz egiten diegu. Nik gerrari buruz hitz egin ahal diet, eta gerra zeinen ikaragarria den kontatuko diet. Ez dugu mundua aldatuko, baina banaka-banaka kontatzen joango gara gure historia eta horrek zer edo zer alda dezakeela uste dugu.