Antioko zikloan Jacob de Haan-en 'Zumarraga' obra estreinatuko dute
Musikaldia larunbat honetan hasiko da, Miren Urbieta eta Ruben Fernandezen euskal kanten kontzertuarekin. Bandak De Haan-en obrak joko ditu hilaren 28an
Larunbat honetan Antioko Musikaldiaren 36. edizioa hasiko da. Miren Urbieta sopranoak eta Ruben Fernandez piano jotzaileak euskal kantak eskainiko dituzte. Hilaren 14an Brillant Magnus boskoteak joko du, 21ean Carlos Mena abeslariak eta Iñaki Alberdi akordeoilariak, 28an Zumarragako bandak eta urriaren 5ean Donostiako Udalaren txistulari taldeak. Jacob de Haan holandarrak Zumarraga obra konposatu du hilaren 28ko kontzerturako.
Lehenengo lau emanaldiak Antioko baselizan izango dira, 19:30ean. Autobus zerbitzua egongo da. 19:00etan aterako da Elizkaletik. Azken emanaldia Ezkioko Igartubeiti baserrian izango da, 18:00etan. Autobusa 17:30ean irtengo da, toki beretik.
Musikaldia atzo aurkeztu zuten, Antion bertan. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak eta Zumarragako musika bandako Ibon Elgarrestak eta Miren Plazaolak parte hartu zuten.
Serranok musikaldia oso sustraitua dagoela gogoratu zuen. «1984an sortu zen. Aldundiak musika jasoa herrietara ekartzearen aldeko apustua egin zuen eta bi toki aukeratu zituen: Antio eta Deba».
170 artista baino gehiago
Ordutik 170 artista baino gehiago pasa dira Antiotik eta zikloa interes turistiko eta kulturalekoa izendatu dute. «Antiotik Atxukarro, Zacharias, Ainhoa Arteta, Ara Malikian, Kukai, Kalakan eta Donostiako Orfeoia pasa dira, besteak beste. Kalakanek mundu osorako promozio bideo bat grabatu zuen hemen. Aipatzekoa da, gainera, hemen oso musikari ezberdinek jo dutela. Hala, oso jende ezberdina etortzen da kontzertuetara. Euskal Herri osoko zaletuak etortzen dira. Hau guztia ez litzateke posible izango Antioko Lagunen Elkarteak baseliza horren ondo zainduko ez balu».
Elgarrestak eta Plazaolak eskerrak eman zizkioten udalari, bandaren 150. urteurrenean Antioko Musikaldian jotzeko aukera emateagatik. «Opari bat da», esan zuten.
Gainera, Jacob de Haan-en zuzendaritzapean joko dute eta konpositore eta zuzendari honek Zumarraga izeneko obra konposatu du beraientzat. De Haan bandentzako musika konpositore ezagunenetako bat da. «Lehen mezua posta elektronikoz bidali genion eta ez genuen erantzutea espero. Izan ere, munduko konpositore ezagunenetako bat da eta mundu osoko bandek jotzen dituzte bere lanak. Baina berehala erantzun zigun. Gainera, Zumarraga obra konposatzea proposatu zigun. Pieza hau bandak herriari egiten dion opari bat da. Mundu osoko bandek jotzea espero dugu».
Alkateak pieza «indartsua» dela esan zuen. «Jacob de Haan-ek askatasun osoz konposatu du. Zumarragari buruzko informazioa eskatu zigun eta gure herriak metalgintzarekin duen harremanaren berri eman genion. Horretaz gain, Antioko argazkiak eta ezpata-dantzaren bideo bat bidali genizkion», gehitu zuten bandako bi kideek.
Musikarientzat pieza «erosoa» dela esan zuten. «Bandentzat konposatzen duenez, guretzako egokia da. Instrumentu guztiek bere tokia dute bere obra guztietan».
Antioko kontzertuan De Haan-en sei obra joko dituzte: Images of bellac, Pisa, Ministry of winds, Concerto d’amore, Sa musica eta Zumarraga. Kontzertu erdia De Haan-ek zuzenduko du eta beste erdia Luis Orduña bandako zuzendariak.
150. urteurrena merezi bezala ospatzen ari dira. Otsailean Donostiako Orfeoiarekin jo zuten, martxoan banden alardea egin zuten, apirilean Valentziako Aldaia herriko bandaren bisita jaso zuten, jaietan Gozategi talderekin jo zuten eta uztailean Aldaiara joan ziren. Bukatzeko, abenduaren 22an Gabonetako kontzertua egingo dute. Gautena elkartearen alde izango da.