Astebete eskas falta da Ordiziako azoka berezia eta gazta txapelketa ospatzeko
Irailaren 11a izango da Euskal Jaietako egun handia. Lehen sektorearen erakusleihoa izango da Ordizia beste behin ere.
Atzera kontaketa hasi da. Astebete baino gutxiago falta da Ordiziako Euskal Jaien barruan azoka berezia eta latxa edo karrantza ardiaren esne gordinaz egindako 46. Gazta Lehiaketa ospatzeko. Datorren asteazkenean izango da, irailaren 11an. Egun horretako xehetasun guztiak eman dituzte gaur Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Garapeneko Diputatua, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordea, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, Miriam Molina Idiazabal Jatorri Izendapeneko gerentea eta Garbiñe Etxezarreta, Kutxa Ekoguneko Zuzendaria.
Beste behin ere “lehen sektorearen erakusleihoa” izango da Ordizia. Egun osoko festa izango da. Fruta eta barazki onenak eramango dituzte ekoizleek. Baina ez hori bakarri, piriniar arrazako behi-azienda eta euskal oiloen lehiaketak ere jokatuko dira egun horretan.
Egun horretako arreta, Beti Alai pilotalekuan egongo da jarrita. Bertan jokatuko da 46. Gazta Txapelketa. Beste behin ere, Kutxa Fundazioak jarriko du garaikurra, 1964. urteaz geroztik egin duen moduan. Fundazioko ordezkariak gogorarazi du, “aurten Urrezko Kutxa Garaikurra emateko aukera dago, hirugarren aldiz”. Garaikur hori, azken 10 urteetako txapelketetan lehen postua hiru aldiz irabazi duen gaztagile batek eraman dezake. Orain arte, Elgoibarko Jesus Mari Ansolak (2009an) eta Ricardo Remirok (2013an) eraman dute. Aurtengoan Jon Etxeberria zeanuritarra da aukera duen bakarra, 2012an eta 2015ean lehengo postuan geratu ondoren.
Prentsaurrean agertu diren ordezkariek, azpimarra egin nahi izan dute kontsumitzaileengan. Izan ere, “haiek dute zer erosi erabakitzeko boterea”. Horregatik, guztiak “Ordiziara gerturatzera eta tokiko produktuak erostera animatu” dituzte, “Gipuzkoaren etorkizuna jokoan delako”.
Bestalde, Ordiziako alkateak, aparteko azokaz eta gazta txapelketaz gain, larunbatean hilaren 7an hasita, datorren irailaren 15era arte egunero egongo diren ekitaldiak izan ditu gogoan. Izan ere, azoka eguna egun oso garrantzitsua izanda ere, Euskal Jaiak bere osotasunean gogoratu nahi izan ditu, egitarau zabal zabala izango dela aipatuz.