Ehiztarien geldialdia bukatuko den zain hasiko da ehizako denboraldia
Ehiza larriko kuadrillen eta aldundiaren artean ados jartzeko peritaje eta ordainketa moduen gaiak soilik falta dira. Ehiza-espezieen kontserbazio egoeraz txostena egin da
Gipuzkoako Ehiza Federazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko akordioa ixtear da. Badirudi, 2019-2020ko ehiza larriaren denboraldian —irailaren 1ean ireki zen ofizialki— berehala ekinera itzuliko direla ehiztariak. Martxoaren 1ean hasi zuten «greba». Lan arloko gatazketako neurri horren izena eman diote ehiztariek beren geldialdiari. Eta, egia esan, ehiza larriko itunerako «lotzeko» geratzen diren gaiak lan mundukoen oso antzekoak dira: peritajea nola egin, ordainketa nola egin, eta nori ordaindu behar zaion.
Ehiztarien beste kezka-iturrietako bat bideratuta dagoela dirudi. Espainiako Auzitegi Gorenak 2018ko abenduaren 10eko epaian baliogabetu egin zituen Madrilgo erkidegoan 2014-2015 denboraldirako ezarritako ehizarako mugak eta aldiak. Ehizako jasangarritasuna ezbaian jartzen zuen errekurtso bat onartu zuen auzitegiak horretarako. Espezie batzuen ehiza aipatzen zen: «Nahiz eta ehizatu daitezkeen espezieak izan, babestu egin behar dira kontserbazio egoera onean ez daudenak edo haien kontserbazio-egoera jakiterik ez dagoenean», azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, ehiza arautzeko dekretuan, abuztuaren 30ean argitaratua.
Txosten teknikoen falta ere begibistan utzi zuen epaiak, «beharrezkotzat jotzen baitira ingurumena babesteko hain nabarmenak diren espezieen babesaren eta arrazoizko erabilera bermatzearen gaietan».
Kontserbazio egoera
Gipuzkoako aldundiak herrialdeko ehiza espezieen kontserbazio egoera zehaztu du. Arantzadi zientzia elkarteari eskatu dio txosten bat, eta azken 15 urteetako datuak erabili dituzte. Europako Batzordeak ere iazko maiatzean ehiza aldiei buruzko Funtsezko Kontzeptuen Agiria atera zuen, eta hori aintzat hartu da. Ehiza-hegaztien ugaltze eta eztei aurreko migrazio garaietatik kanpo, ehiza aldiak jar daitezkeela ebatzi du zuzentarauak.
Gipuzkoako Ehiza Federazioaren arabera, ehiztariak bat azaldu dira txosten teknikoaren ondorengo araudiarekin. Aipaturiko peritaje eta ordainketa moduen atalak itxi arte, ordea, «greban» segiko dute Gipuzkoako ehiza larriko 69 kuadrillek.
Ehiza xeheari ez zion eragin ehiztarien geldialdi horrek iaz. Urriaren 12an irekiko da denboraldi orokorra, otsailaren 2ra arte. Lehengo igandean, irailak 1, erdi debekuko garaia hasi zen, galeper, txoloma, pagauso eta haitz usoaren ehizarena.
Ehiza sasoia 2019
· Egunak. Asteko egun guztietan.
· Orduak. Urriaren 26ra arte, eguzkia atera baino ordubete lehenagotik sartu ondorengo ordubetera. Urriak 27-azaroak 30: 07:30-17:30. Abenduaren 1etik sasoi bukaerara: 08:00-17:30.
· Egutegiak. Erdi debekuko aldia: irailaren 1etik urriaren 11ra.
Ehiza xehe orokorra: urriaren 12tik otsailaren 2ra.
Ehiza larria: irailaren 1etik martxoaren 29ra (ostegun, larunbat, igande eta jai egunetan). Oilagor eta pagauso ehizaldiak urriaren 12tik otsailaren 16ra arte.
· Zozketak. Gipuzkoako ohiko pasabideetako postuena, irailaren 15etik azaroaren 17ra.Espezie ehizagarriak
· Erdi debeku aldian. Galeperra, txoloma, pagausoa, haitz usoa.
· Ehiza xehea. Ugaztunak: azeria, erbia eta mendi untxia (akzen biak, populazioen egoeraren arabera, mugatutako ehizaldi baimenduetan). Hegazti sedentarioak: eper gorria, faisai arrunta (kontrolatutako ehiza lekuetan), mika, belabeltza, haitz usoa eta arabazozo pikarta. Hegazti migratzaileak: galeperra, istingor txikia eta arrunta, oilagorra (txakurrarekin eta ‘saltoan’ bakarrik; eguneko hiru gehienez), txoloma, pagausoa, durdula, birigarro arrunta eta txikia, eta garraztarroa. Ur hegaztiak: antzara hankagorria, ipar ahatea, zertzeta, basahatea, ahate mokozabala, murgilari arrunta eta motaduna, eta kopetazuria.
· Ehiza larria. Basurdea eta orkatza. Deklaratutako eta kontrolatutako ehiza lekuetan.Komertzializagarriak
· Ugaztunak. Erbia, untxia, azeria, basurdea, orkatza.
· Hegaztiak. Basahatea, eper gorria, faisai arrunta, pagausoa, txoloma eta galeper arrunta.