Rafael Sterling da Irizar taldeko zuzendari berria, Orcasitasen lekua hartuta
Hamar urtez zuzendari nagusi izan den Jose Manuel Orcasitasek utzitako lekua beteko du. Irizar Taldea barrutik ezagutzen du Sterlingek, nazioarteko negozioen buru izan baita orain arte
Aldaketa garaia dator Irizar Taldean. Hamar urteren ondoren, Jose Manuel Orcasitasek Irizar Taldeko Zuzendari Nagusi izateari utziko dio, bere ibilbide profesionalari bukaera emanez. Haren tokia Rafael Sterling ingeniariak hartuko du.
Rafael Sterling 1975ean jaio zen. Telekomunikazioan goi mailako ingeniaritza ikasketak egin zituen EHUn, eta MBA Executive masterra Deustuko Unibertsitatean. Irizar Taldea ondo ezagutzen duen pertsona da, International Business Director edo nazioarteko negozioen zuzendari izan baita orain arte. Ezkonduta dago eta hiru seme-alabaren aita da.
Jose Manuel Orcasitasek zuzendaritzan utzitako lekua beteko du. 26 urte egin ditu Irizarri lotuta; 2010ean hartu zuen Irizar Taldearen zuzendaritza. Haren gidaritzapean egin ditu konpainiak autobus elektrikoaren aldeko apustua eta Adunako planta berria, nazioarteko hainbat proiekturekin batera. Enpresaren 125. urtemugako ospakizunak ere, haren zuzendaritzapean egin zituzten.
Azken urteetan Irizarrek «bilakaera sakona» izan du, «industrialki eta geografikoki dibertsifikatutako enpresa talde» bihurtu baita. Bere jarduna sei negozio arlotan gauzatzen du: bidaiarien garraioa, elektromugikortasuna, elektronika, motor eta sorgailu elektrikoak, konektibitatea eta energia.
Gaur-gaurkoz, taldeak 7 marka ditu: Irizar, Irizar e-mobility, Alconza, Datik, Hispacold, Masats eta Jema, eta haien jarduna 13 lantegitan garatzen dute, tartean Maroko, Brasil, Mexiko eta Hegoafrikan. Langileei dagokienean, «etorkizuneko estrategiarekin erabat konprometitutako eta identifikatutako 3.350 pertsonak» osatzen dute taldea. 2018an, 750 milioi euroko fakturazio bolumena izan dute. Horrenbestez, «egoera finantziero sendoarekin» beteko du Irizarrek 130. urteurrena.
Irizar Taldeak «arrakasta profesionalik handienak» opa dizkio zuzendari berriari, eta azken urteetako «sendotasun eta hazkunde ibilbideari jarraipena» ematea espero dute. «Alboan izango ditu bezeroekin, gizartearekin eta gainerako kolaboratzaileekin konprometitutako lantaldeak». Haiek ere «balio erantsia» ematen saiatuko dira etorkizuneko arlo funtsezkoetan: marka, teknologia eta iraunkortasuna, alegia.













