Udazken kolore eta zapore eskaintza iritsi da
Baratzak oraindik udako produktuez beterik badaude ere, laster iritsiko den urtaroa berriaren lehen aztarnak sumatzen dira ferian, fruta eta loreetan batez ere.
Kolore eta zapore eskaintza berriarekin betetzen ari da Ordiziako azoka udazkena hurbiltzearekin bat. Plaza Nagusi barruko postuetan aste batzuz iraungo du oraindik udako produktuen aukera zabalak, baina urtaro berriari lotutako barazkiak, frutak eta loreak ikusten hasiak dira. Eguraldia bera ere aldatzen doa, garaiari egokituz, eta atzo goiza eguzkitsu joan bazen ere, fresko ere bai, 11 gradu eskas 08:00etan. Bestela, saltzaileen artean hutsune batzuk ikusi ziren, eta erosleak eta bisitariak, aldiz, ugari.
Udazkena hurbiltzen ari dela adierazten duen zaporeetako bat sagarrena da. Azken asteotan nabarmena da aukera, izan Santio, Andre Mari, Red Star edo errege sagarra. Atzo bi berri gehitu ziren zakura, biak Joxe Antonio Aizpuru errezildarraren postuan: errezil sagarra (euro batean kiloa) eta Jumbo (3 euro). Azken hauek beren tamainarengatik bereizten dira, eta atzokoan 750 gramoko bat aurkeztu zuen Aizpuruk.
Fruta berriekin jarraituz, pikuak ere aipatu behar dira; beltzak eta itxura oso onekoak ziren atzo salgai, kiloa 3 euroan.
Loreak ere udazken kolorea ari dira hartzen, eta eskaintza berrituz doa. Geranioek eta baltsamina edo alegria bezalakoek tokia utzi diete azalea (8,5-10 euro), ziklamen (5.7 euro), ezkila-lore (3,8-5,5 euro) edo txilarrari (4,5 euro) M. Dolores Mendizabalen eta Azanzaren postuetan.
Perretxikoetan, onddoak jarraitzen dute nagusi; atzo Lasa eta Barcinaren artean 310 kilo jarri zituzten salgai, kiloa 16 eta 28 euro artean. Gibelurdinak ere baziren, 24 kilo eta hemen bildutako gramo batzuk, 15-28 euroan; 44 kilo ziza hori eta hemengo bi kilo gehiago ere bai, 15-18 euroan; eta 12 kilo gorringo, 28 euroan.
Azoka berezia, hurrengoan
Udazkenaren gertutasunaren beste seinaleetako bat Euskal Jaietako azoka berezia izaten da. Irailean bai, baina urtetik urtera eguna aldatu egiten da: aurten irailaren 11 egokitu da, datorren asteazkena. Zergatik egun aldaketa? Azoka berezia berez irailaren 9tik edo Arantzazuko amabirginaren egunetik hurbilen dagoen asteazkenean egiten dela uste dute ordiziar eta feriazale askok, baina beste batzuk mugarria irailaren 8a dela diote, Koruko amaren eguna, eta hala dago adierazita gainera azokaren webgune ofizialean (www.ordiziakoazoka.eus). Atzokoan eztabaida piztu zuen kontua izan zen honako hau.