2020ko aurrekontu parte hartzaileetara proiektuak aurkez daitezke jada
Legazpiarrek irailaren 27ra arte zabalik dute ekarpenak egiteko epea. Udalak 300.000 euro inbertituko ditu sei proiektutan. Bozketa urriaren 29tik azaroaren 15era bitartean izango da
Legazpiko Udalak abiatu du 2020ko aurrekontu parte hartzaileetan sartuko diren proiektuen aukeraketa prozesua. Bost proiektu zuzenean sartuko dira bozketan. Legazpiarrek irailaren 27ra arte proposamenak egin ditzakete. Behin ekarpenak jasota, haien bideragarritasun teknikoa aztertuko dute udaleko teknikariek urrian zehar. Bozketa tartea urriaren 29an hasi eta azaroaren 15era arte izango da. Azaroaren 20an emango dute aukeratutako proiektuen berri.
Koldobike Olabide alkateak datorren urteko aurrekontu parte hartzaileen egitasmoaren aurkezpena egin du eta, hasteko, aurreko urteetan onartutako proiektuen egoera aletu du. Domingo Agirre eskolako frontoiaren goiko leihoak jarri eta pistako zorua berritu da. Ikastetxean bertan, haur parkea berritu dute dagoeneko. Arantzazu auzoko argindarraren kableak lurperatzeko hirigintza lanak martxan dira; uztailean hasi ziren. Bikuña futbok zelaiko aldagelak berritzeko esleipenera ez zen enpresarik aurkeztu eta prozesua berriro abiatzeko lanean daudela adierazi du alkateak. Bikuña kiroldegiko soinketa-gela bateko klimatizazioa egin dute jada eta orain igerilekuko sarbidea hobetzeko proiektuan lanean ari dira. Arantzazuko haur parkeko proiektua esku artean daukate.
Zuzenean doazen bostak
Itxaropenera doan eskaileraren egoera hobetzeko lanekin ez dira hasi, igogailuaren kokapen zehatza erabakitzen dutenean ekingo diete. Latxartegi parkeko erdigunean dagoen etxola berritzeko eta Haztegi ikastolatik gertu dauden zutoinak kentzeko lana barne biltzen dituen proiektua egiten ari dira.
Aurreko urtean aukeratu ez ziren proiektuetako bost zuzenean sartuko dira bozketan. Hain zuzen, Itxaropen 14-17 atarietako eskailerak konpontzea; Domingo Agirre eskolako igogailutik Laubide 18raino bidea egitea, Mirandaola parkeko mahai gunea berritzea, Latxartegi parkean berez garbitzen diren komunak, eta kiroldegian eguzki-panek fotoboltaikoak jartzea.
Legazpiko Udalak 300.000 euro inbertituko ditu aurrekontu parte hartzaileetan. Sei proiektu aukeratuko dituzte proposamen guztien artean eta bakoitzari 50.000 euro egokituko dizkiote gehienez. Urrian udaleko teknikariek proposamenen azterketa egiten dutenean kontuan hartuko duten aldagaia izango da.
Irailaren 27ra bitartean proposamenak egiten dituzten herritarren artean 50 euroko erosketa txartela zozkatuko dute, baita gero egingo den bozketan parte hartzen duten herritarren artean ere. Proposamenak egiteko inprimakiak LegazpiOn aplikazioan, udalaren webgunean eta Herritarrentzako Arreta Bulegoan eskuratu daitezke.