Igartzako Mendi Duatloia larunbatean jokatuko dute
Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitoko bigarren proba puntuagarria izango da Beasaingoa. Guztira 9 kilometro korrika eta 13,7 bizikletan egin beharko dituzte parte-hartzaileek.
Martxan da Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitoa eta bigarren proba puntuagarria Beasainen jokatuko da larunbatean: VII. Igartzako Mendi Duatloia. Igartza auzoan, Florenzio Axpe kalean izango da irteera, 16:00etan. Ohi bezala, hiru sektoretan banatuko da proba: lehenengo, kirolariek korrika egin beharko dute, 6 kilometro; jarraian, txirrindua hartu eta 13,7 kilometro osatu beharko dituzte auzoko bideetan barrena; eta amaitzeko, txirrindua utzi eta 3 kilometro egin beharko dituzte korrika.
Azken urteetan bezala, bikoteka ere har daiteke parte: batek korrika eta besteak txirrinduan. Ibilbidean hainbat aldaketa egin dituzte aurten eta ibilbide berria ezagutzeko, gaur, 18:30ean, hitzordua jarri dute Antzizar Kiroldegiko sarreran. Antolatzaileen esanetan, «korrika gabiltzan bitartean txirrinduak uzteko lekua izango da».
Larunbateko probarako izena eman nahi dutenek www.kirolprobak.com dute aukera. 18:30ean egingo da sari banaketa ekitaldia eta ondoren, luntxa izango da parte hartzaile guztientzat.
Goierrin beste bi proba
Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren barruan, guztira hamar proba jokatuko dira azaroaren 23ra bitartean. Igartzako lasterketaz gain, Goierrin beste bi proba ere jokatuko dira: batetik, irailaren 28an, Zegaman, Zegama-Aizkorri mendi duatloia; eta bestetik, urriaren 5ean, Arriarango proba. Azken proba horretan gainera, Euskal Herriko txapelketa jokatuko da. Urriaren 12an Ibarran elkartuko dira kirolariak, urriaren 19an Amasan, urriaren 26an Zeanurin, azaroaren 9an Usansolon, azaroaren 17an Aramaion eta azaroaren 23an Adunan.
Irailaren 28ko Zegama-Aizkorri proba 15:30ean hasiko da: mendi bizikletan 10,3 kilometro, korrika 6 kilometro eta mendiko bizikletan beste 10,3 kilometro osatu beharko dituzte parte hartzaileek. Izen-ematea irekita dago, kirolprobak.com atarian.