Iraila ekitaldiz betea dator Lazkaon
Ipar eta Hego Euskal Herria, mugak eta harremanak hizpide izango dituzte gaur Gerriko Elkartean. Asteburuan, Esparruko Erromeria egingo dute. Sagardo dastaketa, Basherri Eguna eta Josetxo Imaz memoriala ere agendan daude.
Urtero ohikoa den bezala, zerekin gozatua eta non aukeratua izango da Lazkaon, hil honetan. San Migel jai herrikoiekin bukatu arte, egitarau oparoa prestatu dute erakundeek eta elkarteek. Gaur, esate baterako, Graxi Etxebehere eta Terexa Lekunberri Gerriko elkartean 18:30ean hizlari izango dira, Muga, guk geuk ez al dugu jartzen? gaipean, Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko aldeez. Bateko eta besteko bizimodua, kultura mugimendua eta egoera sozio-politikoa jorratuko dute.
Maizpide euskaltegiak ere irailean bukatuko du 45. Udako Ikastaroetako kultura emana. Bertso-afaria egingo dute bihar, 21:00etan, ikastetxeko jangelan. Anjel Mari Peñagarikano eta Mikel Artola ariko dira bertsotan.
Esparruko jiraren asteburua iritsiko da, hurrena. Igandean, irailak 15, da Lazkaoko gain horretara igotzeko eguna. Plazatik 09:00etan abiatuko da jendea. Esparrun, 12:00etan ikurrinari omenaldia, bertsolariak, txalapartariak eta dantzariak izango dira. Jolasak egin (13:00), eta bertan bazkalduko dute gero. Aitor Sarriegi eta Iñaki Apalategi bertsolari beasaindarrek kantatuko dute erromerian.
Larunbatean, bezpera girotzeko, buruhandiak eta txistulariak irtengo dira plazara (19:00).
Sagardoa, feria, hitzaldia
Hurrengo asteburua, iraileko hirugarrena, sagardoari eskainia izango da. 27. Sagardo Dastaketa hilaren 21ean izango da, larunbatarekin, 19:00etan. Aurretik, ordea, lehenengo aldiz, sagardogintzari buruzko hitzaldia antolatu du udalak. Irailaren 18an izango da, 19:00etan.
Nekazaritzari tartea egiteko, irailaren 22an VII. Basherri Eguna ospatuko da. Ganadu erakusketa, baserriko lanbideen eta tresnen erakustaldiak eta janarien azoka izango dira. Josetxo Imaz Krosa ere egun berean da, Lazkaon hasi eta bukatu.
Azken astean, berriz, San Migeli begira jarriko da Lazkao. Hilaren 29an, igandearekin, ospatuko dute festa, ohiturazko herri afari eta guzti. Jubilatuek ere urteko bazkaria orduan dute.
Bi aste berezik borobilduko dute hileko agenda. Irailaren 16tik 22ra Mugikortasun Astea izango da, eta irailaren 28tik urriaren 6ra Kirol Astea.