Lekarozko Kortariak irabazi du Ordiziako gazta txapelketa
Bi urtean jarraian irabaztea lortu duen lehena da. Bigarren Joseba Intsausti ordiziarra izan da, eta Ander Barandiaran idiazabaldarra hirugarren. Enkantean, 9.000 euro ordaindu dute, iaz baino 250 gehiago.
Bigarren urtez jarraian, Lekarozko (Nafarroa) Kortaria gaztandegiak irabazi du Ordizian. Bi sari jarraian lortu dituen lehenengoa da. Hunkituta eta irribarretsu jaso du saria Julen Arburua artzain gazteak, aita-amak ondoan zituela.
Goierritarrek osatu dute podiuma. Joseba Intsausti ordiziarrak eskuratu du bigarren saria, Idiazabalgo Gaztainaditxuloko Ander Barandiaranek hirugarrena. Ricardo Remiro eulatearrak (4.) eta Mausitxa elgoibartarrak (5.a) jaso dituzte beste sariak.
Ordiziako lehiaketara 47 gazta aurkeztu dituzte. Ketuak izan dira nagusi, beste behin.
Enkantean, Donostiako Beti-Jai Berri jatetxeko Pablo Sotok 9.000 euro ordaindu du Kortariako gazta txapeldunaren erdiagatik. Garrantxo Taldearekin aritu da lehian.