Ordiziako Euskal Jaietako Azoka iruditan
Ordiziako Euskal Jaietako aparteko azokak eta 46. Gazta Lehiaketak utzi dutenaren laburpena, bideo eta argazkitan.
Eguraldi bikainak lagunduta, giro ederrean egin dute Ordiziako Euskal Jaietako aparteko azoka. Goiz osoan zehar, asteroko azokaz gain, fruta eta barazki lehiaketa egin dute Barandiaran plazan. Garagartzan berriz, ganadu erakusketa eta lehiaketa. Artisau nahiz bestelako produktuen ekoizleen postuak ere izan dira herriguneko kaleetan jarritako postuetan.
Eguerdi partean, Gazta Lehiaketako Sariak banatu dituzte Beti Alai pilotalekuan. Lekarozko Kortaria gaztandegiak irabazi du sari nagusia, bigarren urtez jarraian. Hori Ordizian gertatu den aurreneko aldia da. Joseba Insausti ordiziarrak ere errepikatu egin du 2. postuan. Sarituen artean bada beste goierritar bat ere, Beñat Barandiaran idiazabaldarra, 3. tokian. Enkantean, Donostiako Beti-Jai Berri jatetxeko Pablo Sotok erosi du gazta irabazlearen erdia, 9.000 euro ordainduta.
46. Gazta lehiaketako saridunak:
- 1. Saria. Kortaria gaztandegia (Lekaroz)
- 2. Saria. Joseba Insausti (Ordizia)
- 3. Saria. Beñat Barandiaran (Idiazabal)
- 4. Saria. Ricardo Remiro (Eulate)
- 5. Saria. Mausitxa gaztandegia (Elgoibar)
Gazta lehiaketarekin batera, beste sari batzuk ere banatu dituzte. Odolki lehiaketa Beasaingo Olano harategiak irabazi du, eta Belaunaldi Arteko Sukaldaritza Lehiaketa Orkli kooperatibako bikoteak.