Zabal eta sakon jorratzeko gaiak
Goierriko XII. Jardunaldi Ekologikoak garaiz eta sasoiko datoz aurten. Hiru hitzaldi, eta topaketa eta tailer bana egingo dituzte lau astetan banatuta. Elkarlanetik sortutako egitaraua da.
Iazko saioak hamabostaldi izatetik astebetera mugatu baziren, aurtengoak inoiz baino zabalagoak eta parte hartzaileagoak datoz, bai behintzat antolaketa lanetan aritu direnen partetik. Goierriko Baratzak, Biolur elkarteak, Zeraingo Udalak eta Ataungo Otsotarrak elkarteak antolatu dituzte Goierriko XII. Jardunaldi Ekologikoak, haien alea jarri nahi izan duten zenbait herritarren laguntzarekin. Hiru hitzaldi, eta topaketa eta tailer bana izango dira –azken hori da gaztelerazko bakarra–, lau herritan banatuta: Ataun, Zerain, Ordizia eta Mutiloa. Nekazaritza ekologikoan aritzen zen eta aurten ezusten hil den Aitor Roman gogoan izango dute saiootan.
Irailaren 12an –bihar– hasi eta urriaren 5a arte luzatuko dira aurtengo jardunaldiak, eta tartean, irailaren 15ean, Zeraingo 25. Azoka Ekologikoa egingo da, gisa honetako Gipuzkoako azokarik helduena. Basogintza politikaz, hazi ekologikoen ekoizpenaz, bioeraikuntzaz, ekonomia sozial eta eraldatzaileaz, eta hartzigarriez aritzeko aukera eman nahi diete goierritarrei. Zabala da programa, sakonak gaiak, bizitza kalitatea eta osasuna erdigunean jartzen dituztenak.
Ordiziako Goierri Baratza denda Txisku Masidek nabarmendu du« aurten inoiz baino errazago» suertatu zaiela egitaraua prestatzea. «Ataungo Otsotarrak inplikatu dira, jardunaldi hauekiko interesa duen jendeak ere egin ditu ekarpenak, eta horrela lan eginda, elkarlanean, dena arinagoa izaten da».
Hainbat arlo mahai gainean
Naturatik hurbileko baso kudeaketa eta hazi ekologikoen Aleka egitasmoa dira hizketagaia jarriko duten lehen bi proposamenak. Ataunen lehena, Zerainen bigarrena, biak ostegunez, astebeteren buruan. Bi gai horiek agerkari honetako 4. eta 6. orrialdeetan zabalago landuak datoz.
D’elikatuz zentroak, Ordizian, hartuko ditu hurrengo bi ekitaldiak, bi eguneko tarte laburrean. Bioeraikuntzaz ariko dira aurrenekoan. Naturarekiko eta pertsonekiko modu osasungarri, adeitsu eta kontzientzean eraikitzeko era da. Bigarrena topaketa bat da, Olatukoopek gidatua. Goierrin dauden ekonomia sozial eta eraldatzaileko esperientziak ezagutu,trukatu, elkarrengandik ikasi eta saretzeko aukera emango du bilkura horrek.
Urriko lehen larunbatean Mutiloan egingo den tailer batekin bukatuko dira aurtengo jardunaldiak. Hartzigarriak nola egin erakutsiko du aditu batek. Hori da ordainpeko saio bakarra.
EGITARAUA
Irailak 12, osteguna.
· 19:00. Hitzaldia (euskaraz), Ataungo udaletxean.
Egungo basogintza politikaren analisia eta etorkizuneko aukerak: baina non daude gure basoak. Hizlaria: Urtzi Goiti Ugarte (Biologian lizentziatua eta doktorea. EHUko irakaslea eta Kolore Guztietako Basoak herri ekimeneko kidea).Irailak 19, osteguna
· 19:00. Hitzaldia-Aurkezpena (euskaraz), Zeraingo kultur etxean.
Aleka, euskal hazia. Hizlaria: Miguel Arribas ‘Kelo’ (Aleka proiektuaren sortzailea).Irailak 26, osteguna
· 19:00. Hitzaldia (euskaraz), Ordiziako D’elikatuz zentroan.
Eta zer da bioeraikuntza?. Hizlariak: Ekaitz Uribe Rus eta Nagore Tolosa Irazusta (Oreka arkitekturako eta Ekian elkarteko kideak, eta Bioeraikuntzaren Adiskideak taldeko koordinatzaileak).Irailak 28, larunbata
· 10:00-14:00. Topaketa (euskaraz), Ordiziako D’elikatuz zentroan.
Goierriko Ekonomia sozial eta eraldatzaileko proiektuen topaketa.
Antolatzailea: Olatukoop (Ekonomia sozial eta eraldatzailea saretzen).Urriak 5, larunbata
· 10:00-14:00. Tailerra (gazteleraz), Mutiloako Txerrigorri elkartean.
Ikasi zure hartzigarriak egiten. Tailerraren gidaria: Nerea Zorokiain, Fermentación liburuaren egilea. Izena emateko: 943 08 74 98 zenbakian edo Goierriko Baratza dendan (30 euro). Plaza mugatuak.