Baso politikan lurzorua oinarri
Herri lurretan kontserbazio basoak sortzea eta ustiaketa bertako espezieekin egitea proposatzen du Kolore Guztietako Basoak ekimenak. Ataunen hitzaldia dute gaur
Ekologistak Martxan taldeak urtero antolatzen dituen jardunaldi batzuetatik sortua da Kolore Guztietako Basoak herri ekimena. Bizkaian du sorburua 2017ko udazkenean, eta 40 talde ekologistek eta sektoreko hainbat elkarte eta enpresak osatzen dute. Herri ekimen honek EHUko hiru departamenturen babesa du, baita kultura zein akademia arloko hainbat lagunena. Bi helburu nagusi ditu: basoen kudeaketa publikoan aldaketa sustatzea eta bertako espezieez osatutako basoa berreskuratzea.
Herri ekimen horretako kide Urtzi Goiti Ugarte Ataunen izango da gaur, osteguna, Goierriko XII. Jardunaldi Ekologikoak irekiko dituen lehen hitzaldia eskaintzen: Egungo basogintza politikaren analisia eta etorkizuneko aukerak: baina non daude gure basoak?. Hitzaldia Ataungo udaletxeko ganbaran da, 19:00etan, eta Otsotarrak elkarteak antolatu du. Elkarteko kide zen Aitor Roman gogoan izango dute biharko bilkura horretan.
Naturatik hurbilekoa
Kolore Guztietako Basoak ekimenak landu duen proposamena Bizkaira begira eginikoa bada ere, Gipuzkoarako ere baliagarria dela dio Biologian lizentziatu eta doktore, eta EHUko irakasle Goitik. Bi dira administrazioari –kasu honetan foru aldundiei, haiek baitira eskudunak– egiten dizkieten eskaerak: lur publikoetan kontserbazio basoak sortzea eta ustiatzen diren landaketetan bestelako basogintza politika bat ezartzea, ustiaketari hori bertako espezieekin egin dadila lehenetsiz.
«Kontserbazio baso horrek inolako kudeaketarik gabea izan beharko luke, eta baldin badago, kontserbazioari lotua, ezingo litzateke onurarik atera», zehaztu du Goitik aurreneko aldarrikapenaren berri ematerakoan. Bigarrenaz honakoa: «Ustiatzen diren landaketetan –guk bereizi egiten ditugu basoa eta landaketa– beste basogintza politika bat ezartzea izango litzateke. Eredu berri horrek naturatik hurbileko basogintza hartu beharko luke kontuan». EHUko irakasleak adierazi duenez, Europa mailan, Eslovenian, Suitzan edo Alemanian dagoeneko egiten den basogintza eredu bat da: lurzorua zuhaitzez estalita edukitzea.
«Ikusten dugu gure landaketetan zuhaitzak kentzen direla azalera handietatik, eta lurzorua galtzen dugula. Basoak baso bezala mantentzeko eta edozein aldaketa egiteko ahalmena lurzoruan dago. Gure helburua lurzoru aberats bat edukitzea da, geruza organiko zabal batekin. Bat-bateko baso soilketek biluzik uzten dute lurzorua, eta gurean dugun euri mailarekin lurra erreketara doa, eta ari gara etorkizuna hipotekatzen».
Hitzaldiaren helburua «espiritu hau zabaltzea» da, egoeraren kontzientzia har dezan jendeak.
Tokiko ekoizpena eta erosketa sustatzeko lanean
Ataungo Otsotarrak tokiko nekazaritza eredu iraunkor eta tokiko kontsumo eredu osasungarri eta jasangarria bultzatzen duen elkartea da. Gai horien inguruko sentsibilizazio lana ere egiten du. Hamar familiak osatzen dute.
Gaur egungo kontsumo ereduaren inguruko kezkak batu dituen hamar familiak osatzen dute Ataungo Otsotarrak elkartea. Ekoizpen eta kontsumo ereduek ingurumenean, landa ekonomian eta osasunean «eragin zuzena» dutela irizten diote, eta hori dela eta, tokiko nekazaritza eredu iraunkorra indartzea, tokiko kontsumo eredu osasungarri eta jasangarria bultzatzea eta gai horien inguruko sentsibilizazio lana dituzte helburu, «bai elikagaien erosketak era kolektiboan herrian eginez, bai eta foro, ikastaro eta heziketa kanpainen bitartez ere». Zentzu horretan ulertu behar da biharko Ataunen antolatu duten hitzaldia.
Bost dira elkarteak dituen balio nagusiak: lurrari lotutako ekoizpen eredu iraunkorrak bultatzea; elikadura burujabetza; natur ondarearen eta biodibertsitatearen babesa; ekitate soziala; eta elkarlana eta kontzientziazioa. Ekoizpen ikuspegitik nahiz erosketa eta komertzializazio ikuspegitik irizpide oso argiak ditu elkarteak, agroekologiaren irizpide orokorrak oinarri hartuta.
Funtzionamendua taldean
Amaia Aierbe elkarteko kideak eman du taldearen funtzionamenduaren berri: «Urteroko egitasmo edo ekintza plana osatzen dugu, eta lan desberdinak banatzen ditugu: erosketa bateratua, ekoizle berrien bilaketa, idazkaritza, ekintza eta dinamizazioa, eta kontabilitatea». Ekintzei dagokionez, tokiko jasangarritasunerako baliagarriak izan daitezkeen esperientziak eta praktika onak zabaltzean jartzen dute indarra, herriko nahiz eskualdeko eragileekin elkarlana sustatuz, honakoetan, besteak beste: zabor gutxitzea, birziklapena, berrerabilpena, eraldaketa soziala, baliabideen erabilpen orekatua…
Elkarteko kide batzuk Ataungo Otsobatza kontsumo taldeko kide ere badira, eta esneki, ogi, barazki eta ezti ekologikoa jasotzeko aukera dute. «Gainontzean, urtean zehar eta garaiaren arabera, ekoizle berberei zuzenean egiten diogu taldeko erosketa bateratua eta herrian bertan jasotzen dugu. Ekologikoan diharduten eta elkarteak ezarrita dituen irizpideak betetzen dituen ekoizleak dira». Horrez gain, eraldatutako produktu ekologikoak ere era bateratuan erosten dituzte produktu ekologiekoekin lan egiten duen eskualdeko denda batean.
Taldea irekia da, eta elkartearen filosofiarekin bat egingo duten kideak gehitzen joatea ere bada otsotarren nahia, Aierbek nabarmendu duenez.