Eneko Gurrutxagak eta Maria Gomezek irabazi dute Igartzako mendi duatloia
Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko bigarren proba puntuagarrian, lidertza sendotu dute. 92 atleta irten dira korrika eta bizikleta proba bateratuan.
Beasaingo Igartza auzoan VII. Mendi Duatloia jokatu da, gaur arratsaldean. Gizonezkoetan Eneko Gurrutxaga izan da irabazlea, 1:25:05 orduko denborarekin. Iñaki Isasi sailkatu da bigarren (1:27:36), eta Xabier Astigarraga hirugarren (1:29:13). Emakumezkoetan, Maria Gomez nagusitu da (1:53:39), Ainara Pequeño (1:59:03) eta Laura Perez (2:03:38) podiumean lagun zituela.
Arratsaldeko laurak puntuan, izena emanda zeuden 92 atletak Igartzatik abiatu dira. 58k bakarkako modalitatean parte hartu dute, eta beste 34k bikoteka. Korrika egin dute lehen zatia, 6 kilometrokoa. Loinazko Andre Mariaren ermitara igo, eta baserri bideetatik osatu dute zirkuitua (bi bira).
Jarraian, mendiko bizikleta hartu irteera gunean, eta 14 kilometroko zatiari ekin diote. Lau itzuli egin dizkiote ibilbide bati. Aurreko urteetatik aldatu egin dute, igoera gogorra kendu eta suabetuta. Partaidetza hazi nahi dute antolatzaileek. Azken partziala, berriro korrika, 3 kilometroko zati lauagoan.
Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko bigarren proba izan da Igartzakoa. Igantzin (Nafarroa) jokatu zen lehenengoa, irailaren 1ean. Eneko Gurrutxaga eta Maria Gomez izan ziren han ere irabazle.