Ormaiztegiko eskubaloiak beste mugarri bat jarri du, nesken taldea sortuta
Lagunarteko aurreneko partida gaur jokatu du Ormaiztegin OKEk, Ordiziaren aurka. Kadeteen ligan lehiatuko dira, urritik aurrera. 17 neska osatu dute taldea.
Emakumeen kirola behar eta merezi duen presentzia irabazten ari den garaiotan, Ormaiztegin ere eman du ernemuina. Nesken eskubaloi talde bat izango du, lehenengo aldiz, OKE Ormaiztegi Kirol Elkarteak. Kadeteak dira, 15-16 urteko neskatoak. Gaur eguerdian, Ormaiztegiko Zubipe kiroldegian jokatu dute historiako herriko lehenbiziko partida neskek. Askok itxaron dute une hau, eta ikusle asko zen kiroldegiko harmailetan.
Liga ofiziala urrian hasiko dute, eta aurre denboraldiko prestaketa partida jokatu dute gaur OKEk eta Ordiziak. Ormaiztegin ere nesken taldea sortuta, eskubaloia lantzen duten Goierriko klub guztiek daukate orain emakumeen presentzia, gutxiago edo gehiago: Urolak, Legazpik, Ordiziak eta Ormaiztegik.
Ekainaren bukaeran sortu zuten taldea. 17 neskato bildu dira, tartean bi infantil (liga ezingo dute jokatu horiek). Uztailean buru-belarri jardun ziren prestatzen, Unai Azpiazu entrenatzaile ormaiztegiarrak gidatuta: 14 entrenamendu-saio egin zituzten. “Taldea egin, jokoaren lehen nozioak barneratu, aldagela eraiki… lan asko egin da eta dago egiteko. Baina oso gustura ari gara. Talde tekniko sendoa ere badugu”, azaldu du entrenatzaileak.
Unai Azpiazurekin batera, Claudia Noland ari da prestakuntza fisikoa gidatzen, eta Barat Berasategik egingo ditu delegatu lanak. Nesken taldearekin, OKEk hiru eskubaloi talde dauzka gaur egun: helduena Gipuzkoako 1. Mailan (2018-2019an maila galdu bazuen ere, federatiboki igo dute orain), eta kadeteen bi, mutilena nahiz neskena.
Honako eskubaloi jokalariak igaro dira Ormaiztegiko eskubaloiaren historiara: Amalur Barrenetxea, Naia Telleria, Nahia Landa, Sarai Gorostidi, Saioa Berasategi, Izaro Mendizabal, Iraide Mendizabal, Garazi Rodil, Jone Aramendi, Naroa Murua, Arene Barandiaran, Lexuri Iparragirre, Nibe Mendia, Naia Garmendia, Amaia Sanchez, eta Malen Kallejo eta Saioa Lasa infantilak. Ormaiztegiarrez gain, bi gabiriar, bi idiazabaldar , itsasoar bat eta hiru beasaindar daude taldean.
Urduritasuna uxatu ezinik, luze egin zaie Ormaiztegiko taldeko neskei partidaren hasiera. 6-17 irabazi du Ordiziak. 3-0 aurreratu da, haatik, Ormaiztegi. Bigarren zatian, ordiziarrek daukaten eskarmentu handiagoa (hiru urteko ibilbidea du nesken taldeak) baliatu dute. Aurretik, kadete mutilek jokatu dute, lagunartekoa eta Ordiziaren aurka hura ere. 19na berdindu dute.
Bigarren saiakeran, aurrera
Ormaiztegiko eskubaloi taldea 1975ean sortu zuten, Basotxulo elkartearen ekimenez eta haren izenean. Artean Zubipe eraiki gabe zegoenez (1976an inauguratu zuten), Legazpiko Lasalle eskolako jolastokian jokatu zituen etxeko partidak, lehenengo urte hartan. Hurrengo denboralditik aurrera, eta jada Zubipeko sehaskan, Bardulia izena hartu zuen, harik eta 1980-81 inguruan OKE elkartea sortu zuten arte.
Lehenago ere neska talde bat ibili zen eskubaloian entrenatzen, duela 30 bat urte, Iñaki Apaolaza entrenatzailearekin. Baina ofizialki debutatu aurretik desegin zuten. Orain, 2019ko urriaren 6ko asteburuan, Urnietaren aurka egingo du partida ofizialean debuta Ormaiztegiko lehen neska taldeak.