'La trinchera infinita' Urrezko Maskorraren lehian izango da
Jose Mari Goenaga ordiziarrak, Jon Garañokin eta Aitor Arregirekin batera zuzendutako filma da. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da irailaren 20tik 28ra.
Moriarti ekoiztetxearen azkeneko lana da La trinchera infinita eta Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da irailaren 20tik 28ra, Urrezko Maskorraren bila. Gerra Zibilean kokatzen da, Jose Mari Goenaga ordiziarrak, Jon Garañorekin eta Aitor Arregirekin batera zuzendutako azken lan hau eta datorren urriaren 31an estreinatuko dute.
Protagonistek, Higinio eta Rosa, hilabete gutxi daramatzate ezkonduta, Gerra Zibila piztu eta, ondorioz, gizonaren bizitza arrisku larrian jartzen denean. Emaztearen laguntzaz, Higiniok etxean zulo bat egin eta denbora batez bertan ezkutatzea erabakiko du. Errepresaliak jasotzeko beldurrak eta elkarrenganako maitasunak 30 urtetik gora iraungo duen itxialdi batera kondenatuko dute bikotea.