Legorretako 25 urteko emakume bat hil da Madrilen, auto istripu baten ondorioz
Ezbeharra atzo gertatu zen, A1 autobidean, eta legorretar gaztea gaur hil da ospitalean. Harekin batera autoan zihoazen hiru senide ere ospitalera eraman zituzten.
Legorretako 25 urteko emakume bat hil da gaur Madrilgo La Paz erietxean, atzo izan zuen auto istripu baten ondorioz. Istripua atzo goizean izan zuen, Madrildik Irunera doan A1 autobidean, Lozoyuela parean, 62. kilometroan eta harekin batera autoan zihoazen hiru senide ere ospitalera eraman zituzten, bat larri eta beste bi arin zaurituta. Larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, autoa errepidetik atera zen, eta bide bazterreko bi zuhaitz jo zituen. Madrilgo suhiltzaileek bidaiarietako bi atera behar izan zituzten kotxe barrutik, haietako bat oso larri; azkenik, gaur zendu da.