Gizarte elkarteen ikus-entzunezkoak emango dituzte ostiralean Zumarragan
Gipuzkoako Bizibide, Bihotzez, Agiac eta Agisas elkarteek parte hartu dute egitasmo horretan. Elkarte horiek egiten duten lanaren berri ematea da helburua
Gipuzkoako lau gizarte elkartek egindako film laburrak emango dituzte ostiralean Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, elkarte horiek egiten duten lanaren berri emateko eta herritarrek aitortza jasotzeko.
Bideo horiek Agisas (Gipuzkoako integratzaile eta animatzaile soziokulturalen elkarteak) kudeatutako tailerretan egin dituzte. Elkarte horrekin batera, beste hiruk parte hartu dute: Bizibide (fibromialgia eta neke kroniko sindromearen elkartea), Bihotzez (kardiopatiak dituzten haurren familien elkartea) eta Agiac (antikoagulatu elkartea). Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Caixabank-en babesa eduki dute.
Elkarteek gidoiak landu dituzte eta, grabaketa egiteaz gain, pertsonen heziketa eta gizarteratze prozesuak landu dituzte.
Sei film labur
Sei film labur emango dituzte Zumarragan: Bizibide elkartearen El vuelo de las mariposas, Bihotzez elkartearen Tocados por el corazon eta Reportaje Bihotzez, Agiac elkartearen Intentalo, todo es posible eta Reportaje Agiac eta Agisas elkartearen La familia es lo primero.
Agisas elkarteak berdintasun tailerrak antolatu ditu eta bere film laburrean familia barruan sortutako indarkeria egoerak aztertu ditu.
Egitasmo honetan eragile ezberdinek parte hartu dute eta elkarteek Oscar Terol eta Alazne Etxeberria aktoreen kolaborazioa izan dute, besteak beste.
Zumarragako emanaldia 18:30ean hasiko da. Sarrera doakoa izango da, Zelai Arizti kultur etxeko aretoa bete arte. Film laburrak gazteleraz egin dituzte, baina euskarazko azpitituluekin emango dira.
Antolatzaileek jakinarazi dute ezinbestekoa dela kolonia, krema, lozio edo antzerakorik ez eramatea, sentsibilitate anizkoitza duten pertsonei kalte larria eragiten baitiete.
Emanaldia atzo eguerdian aurkeztu zuten, Zelai Arizti kultur etxean bertan. Ekitaldian Agisas elkarteko Julen Urangak eta Gorka Miguelek eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu zuten.
Serranok elkarteei eskerrak eman zizkien, gizartearen alde egiten duten lanagatik. «Gizarte indibidualista honetan elkarteek sekulako lana egiten dute, musu truk. Administrazioa heltzen ez den tokietara heltzen dira. Egitasmo honek elkarteei bultzadatxoa emateko eta beraien autoestimua indartzeko balio du. Eskerrik asko egitasmo honetan parte hartu duzuenei, elkarteen mundua era erraz eta erosoan gerturatzeagatik».
Urangak eta Miguelek Zumarragako Udalari eta alkateari eskerrak eman zizkieten eman dizkien erraztasunengatik. Gainera, ostiraleko emanaldira ger- turatzen diren elkarteetako ordezkarien esanetara egongo direla jakinarazi zuten. Bestalde, gor-mutuek, eskatzen badute, itzultzaile zerbitzua izango dutela esan zuten.