Alter Egoren egun handia
Santa Anastasia jaiak urretxuar guztientzat dira bereziak, baina Alter Ego taldekoentzat aurtengoak gogoangarriak izango dira. Izan ere, larunbatean beraien lehen diskoa aurkeztuko dute herrikideen aurrean.
Alter Ego musika taldeko kideentzat 2019ko Santa Anastasia jaiak oso bereziak izango dira. Izan ere, larunbatean beraien lehen diskoa aurkeztuko dute Areizaga-Kalebarren plazan. Kontzertua 20:30ean izango da.
Talde honek hilaren 13an argitaratu zuen diskoa plataforma digitaletan. Kopia fisikoak ere egin dituzte. 500, hain zuzen ere. 500 disko horietako bakoitzak bere azal propioa du eta azal guztiak eskuz serigrafiatu dituzte.
Diskoak zazpi abesti ditu: Entre mi piel y la ropa, No te muevas, Gauak, Octubre, Ixilik, Antitesis eta Alter ero. Azpeitiko 2noisy estudioan grabatu dute.
Alter Ego taldea Miriam Inza (ahotsa eta gitarra), Iñaki Beruete (gitarra eta koroak), Aitor Carrasco (bateria) eta Patxi Mujikak (baxua) osatzen dute. Guztiak Urretxu eta Zumarragako Secundino Esnaola musika eskolako ikasleak izan dira.
Beraiek rock alternatiboa egiten dutela esaten dute. Denetatik entzuten dute eta talde askoren eragina dute: Fito, Marea, Vetusta Morla, Dover, Liher eta Anari, besteak beste.
Diskoa Urretxuko jaietan aurkezteak ilusio handia egiten die. «Herrian aurkeztu nahi genuen eta Urretxuko Udalari jaietan jotzea proposatu genion. Baiezkoa eman ziguten eta Alarma Morea taldearen ondoren jotzea eskaini ziguten. Gauean Su Ta Gar-ek joko duenez, herrian giroa egotea espero dugu. Diskoak salgai jarriko ditugu, nahi duten guztientzat», aipatu du Carrascok.
Alarma Morea
Berak esan bezala, larunbatean Alarma Morea neska taldeak ere joko du. Talde hori ere Urretxu eta Zumarragakoa da. Alarma Morearen kontzertua 19:30ean izango da, Areizaga-Kalebarren plazan.
Talde hori Nerea Dual eta Uxue eta Ainhoa Plagarok osatzen dute. Gozatzeaz gain, mezu ez sexistak eta aniztasuna sustatzen dituzten letrak eta kantak zabaltzea dute helburu.
Beraien kantak egiteaz gain, abesti eta talde ezagunen bertsioak ere egiten dituzte, beti ere erritmo dantzagarriak erabiliz. Hizkuntzari dagokionez, abesti gehienak euskaraz eta gazteleraz dira, baina katalana eta ingelesa ere erabiltzen dituzte. Musika mota ezberdinak lantzen dituzte: euskal runba, pop, erromeria, baladaren bat…
Zumarragako Udalak Alarma Morea taldearen Ez beti da ez kanta erabili zuen Santa Isabel jaietan, eraso sexisten aurkako mezua zabaltzeko. Bideoklip horrek sekulako arrakasta izan du eta dagoeneko 16.000 ikustaldi lortu ditu Youtuben.