Basherri Egunean azoka eta festa izango dituzte Lazkaon
Herriko baserri eta nekazarien emaria erakutsiko dute, plazan hamalau postu jarrita. Ganadu eta animalia erakusketa ere jarriko dute.

Lazkaon nekazaritza eta baserria zertan diren erakutsiko dute, zortzigarren aldiz, igandeko Basherri Egunean. 09:00etatik 14:00etara, hamalau postu jarriko dituzte lazkaotarrek. Ganadu eta animalia erakusketa ere jarriko dute, plazan: behiak, astoak, zaldiak eta behorrak, ardiak eta ahariak, txerriak, ahuntzak eta antzarak ekarriko dituzte.
Enparandegi baserrikoek zumezko otarrak egingo dituzte, prozesua erakutsiz batera.
Azoka girotzeko, trikitilariak ibiliko dira kalean. Zozketa berezia ere egingo dute aurten: baserrietako elikagaiekin betetako saskikada bat zotz egiteaz gain, 100na euroko hiru bonu zozkatuko dituzte, baserrietan gastatzeko.
San Benito ikastolako batxilerreko 1. mailakoek pintxoak egin eta salduko dituzte, sagardoarekin lagunduta. Ikasturte bukaerako bidaiarako bilduko dute dirua.
Sagardo festa, bihar
Nekazari azokaren bezperan, bihar ere jai usaina izango da Lazkaon. 27. Sagardo Festa egingo dute, plazan, 19:00etatik aurrera. Goierriko eta Gipuzkoako 19 sagardotegitako sagardoak probatzeko aukera izango da, edalontzia euro 1ean erosita. Taloak egongo dira, eta Jundajo txarangak joko du.
Baserriari lotuta, igandean plazan postua jarriko duen Iztueta esnetegiak beste produktu bat aurkeztuko du, bihar 11:00etan, Iztueta Azpikoa baserrian. ‘Gasna zuri gazia’ sortu dute, biguna eta zabalgarria.