Biziberritu, kolorez eta talde lana eginez
Josette Dacosta artistaren erakusketa ikusgai dago Barrena kultur etxean. Artistarekin talde lanean aritu diren Oztibarre ikastolako ikasleak aho zabalik geratu dira haiek egindako artelana ezagutzean.

Ordiziako Barrena kultur etxearen ezkaratzera sartu orduko ikusten da. Arreta ematen du, nahitaez. Hamarnaka aulki, bata bestearen gainean pilatuta, koloretsu. Monumentu piramidea da, eta izena ere badu: Aulkiaren metamorfosia. Josette Dacosta (Bordele, Frantzia, 1944) artistaren Koloreak eferbeszentzian margolan bildumaren osagarri da egitura hori, bisitariak Barrenako erakusketa gelan aurkituko duen kolore eztandaren lagin deigarria.
Dacosta Madrilen (Espainia) trebatu zen artista modura 1980ko hamarkadan, Teresa Muñiz margolari abstraktua irakasle zuela. 1991n Oxfordera (Ingalaterra) joan zen eta han ondu zuen bakarkako lehen erakusketa. Handik Parisera aldatu zen 1998an, eta lau urtera, 2002an, Nafarroa Beherera, amaren sorterrira. Gaur egun Donibane Garazin du estudioa.
Fantasiaz, artelana
«Aulki bat: lau oin, eserleku bat, bizkarralde bat. Bizitza luzea du, puskatzen den egunera arte, eta erabilgarria izateari uzten dionera arte. Baina, benetan, aulkiak amaiera behar al du?». Galdera horiei erantzuna aurkitu nahian, Garazi, Baigorri, Sohuta eta Oztibarreko ikastoletako haurrekin Arte parte hartzailea proiektu artistikoa landu zuen, berreskuratutako aulki zaharrei bizitza berria emanez. «Lankidetzan eta susperraldi arloetan oinarritutako proiektu bat izan zen. Haurren fantasiari esker, aulkiak artelan birsortzen dira», dio sortzaileak.
Artelanaren zati bat egin bai, egin dute gaztetxoek, baina agian, ez ziren konturatzen emaitza nolakoa izan zitekeen. Atzo, «sorpresa itzela» jaso zuten. Oztibarre ikastolako ikasleak, eskolaren txangoa aprobetxatuz, Ordiziatik pasa ziren. Mirentxu Lako ikastolako irakasle eta zuzendariak kontatu zuenez, «ikasleek ez zekiten haiek egindako artelana ikusteko aukera izango zutenik, eta oso polita izan da Barrenan sartu orduko haien aurpegiak ikustea». Aho zabalik, harrituta, halaxe gelditu ziren. «Oso gustuko» izan dute ikusitakoa. «Gustura» gelditu dira emaitzarekin.
Lurrean koloreekin lanean
Dacostak lurrean egiten du lan, eskuetan itsasten den zetazko paper koladuna, mihise zatiak eta pintura lehorraren hondarrak nahastuz. «Sorkuntza da desordenaturik. Espero ez dena gailentzen da gustuaren eta egokitasunaren arauen gainetik. Koloreen eta materialen arteko elkarreraginak liluratu egiten nau». Erakusketa gaur zortzira arte dago zabalik