Erretiro aktiboa sustatzeko tailerra antolatu du Zumarragako Udalak
55 urtetik gorako bizilagunei zuzendua dago. Saioak urriko eta azaroko ostegunetan izango dira. Parte hartu nahi dutenek udaletxean eman behar dute izena
Zumarragako Udalak eta Bizipoz kooperatibak bizilagunen artean erretiro aktiboa sustatzeko tailerra antolatu dute. Saioak urriko eta azaroko zortzi ostegunetan izango dira, 10:00etatik 12:00etara, Zelai Arizti kultur etxean.
Tailer hau 55 urtetik gorako bizilagun guztiei zuzendua dago. Bizipoz enpresako adituek emango dute eta «aktiboa eta dinamikoa» izango da.
Saio bakoitzean gai bat landuko dute: osasuna (zer den osasun ona edukitzea, nola zaindu osasuna), elikadura (elikagai ezberdinak, etiketetan jartzen duena ulertu…), ariketa fisikoa, teknologia berriak (sare sozialak, telefonoaren erabilpena…), bidaiak (telefonoaren erabilpena bidaiak antolatzeko…), testamentuak, pentsioak eta Zumarragan zahartze aktiboarekin lotuta dauden zerbitzuak.
Adituen laguntzarekin
Bizipoz enpresako Beatriz Santamariak eta Eider Etxebarriak adituen laguntzarekin lan egingo dute: osasun mundukoak, EHUko irakasleak…
Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek urriaren 1a baino lehen eman behar dute izena. Horretarako, Zumarragako Udalaren Gizarte Zerbitzuetara jo behar dute. Telefono zenbakia 943 72 91 55 da.
Urriaren 3an, Bizipoz enpresako Santamaria eta Etxeberria parte hartzaile guztiekin elkartuko dira, banaka. 20 minutuko elkarrizketa egingo dute, parte hartzaile bakoitzaren profila, nahiak eta beharrak ezagutzeko helburarekin.
Tailer hau Elkarzain programaren barne antolatu dute. Zumarragako Udalak aurreko legealdiaren amaieran jarri zuen abian egitasmo hori, herritarrek elkar zaintzeko helburuarekin.
Bizipoz tailerra asteazkenean aurkeztu zuten, Zumarragako kultur etxean. Ekitaldian Santamariak, Etxebarriak eta Arantxa Gonzalez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak parte hartu zuten.
Gonzalezek Forbes España aldizkariak Bizipoz enpresa zerrenda batean aukeratu duela gogoratu zuen: 30 urte azpikoen 30 enpresa esanguratsuenen zerrenda.