Majori berritua, azarorako
Kiroldegiko berriztapen lanen lehen fasea azarorako amaituta egotea aurreikusten du udalak. Kirol gune batzuk tokiz aldatu eta berriak ere sortu dituzte

Majori kiroldegiko lanak badoaz aurrera. Pasa den azaroaren 19an hasi zuten lehen fasearen berritze prozesua eta, urtebete ondoren, datorren azarorako dago aurreikusita lehen azpifasearekin amaiera. Odilo Rivela Majoriko gerenteak hala azaldu du: «Lehen azpifase honetan gimnasio berria, taberna berria eta bi jarduera gela jarriko dira martxan, lehendik funtzionamenduan zegoen kantxaz gain». Gainera, «igogailua ere martxan izango da, harrera berriaren ondoan».
Barruko aldea bakarrik ez, eraikinaren kanpoko lanak ere badoaz aurrera eta dagoeneko leihoak jartzen hasiak dira. Azaro erdialderako, egokitu diren eremuen zorua eta ingurua margotuko dituzte. Udal ordezkariek lanen nondik norakoak ezagutu dituzte bertatik bertara.
2.833.490 euro
Moyua enpresa ari da Majori kiroldegiko berriztapen lanak egiten, 2.833.490 euroan (BEZa barne), eta 18 hilabeteko epea hartzea da aurreikusita dutena.
Obrak hasi baino lehen, maiatzean, Denis Itxaso Kultura eta Kirol arloko diputatuak eta Ordiziako Udalak Majori kirol eremua berritzeko hitzarmen bat sinatu zuten, eta horren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018an 395.000 euroko ekarpena egin zion, 2017-2020 aldirako kirol ekipamenduaren planaren baitan.
Beharrak identifikatu
Lehen faseko lanak bukatzeko atarian, erabiltzaileei «eragozpenengatik barkamena» eskatu die Adur Ezenarro alkateak. Jarraian, Majorin barrena bisita egin zuen beste udal ordezkariekin, azpiegitura berriek izango dituzten aldaketak erakusteko asmoz. Batetik, kirol eskaintza handituko duten espazio berriak egokitzeko beharra sumatu zuten, besteak beste, «gimnasioa eta aldagelak berritzeko premia eta areto berriak eraikitzekoa». Era berean, areto falta horiek hainbat jarduera fisiko eta kirolekoak egiteko zailtasunak eragiten zituela nabarmendu zuen. Espazioen banaketa moldatzeko beharra ikusita, «spinning-ari, aerobikari, judoari, pilatesari eta zunbari «behar bezalako espazioak» eskainiko zaizkie.
Kiroldegi barneko «zirkulazioak argiak ez» zirela ere esan zuen. Irisgarritasunari dagokionez, mugikortasun urria dutenentzako igogailua jartzen ari dira. Taberna eremua lekuz aldatu da eta kokaleku berritik hainbat kirol espazio ikusi ahalko dira. Bestalde, zonalde horretan itxaron eremu bat egokitu da, kantxarekiko edo zirkulazio joan-etorriekiko independentea dena. Gimnasioa ere tokiz aldatuko da eta espazio gehiago izango du. Horrez gain, jarduera anitzeko bi gela eraiki dituzte.
Azpiegiturek zituzten beharrak aztertu ondoren, obrak «eraikina hobetze aldera» egin dira obrak».