San Migel Eguna girotzeko, solasaldia eta erakusketa
San Migel Egunaren harira, bi ekitaldi antolatu dituzte Ormaiztegin, gaur arratsalderako. Hiru hamarkadatan antolakuntzan aritutako jendea bilduko dute gaur, mahai inguruan. Angel Elortzak egindako argazkiak ere ikusgai jarriko dituzte.

Bihar zortzi, irailaren 28an ospatuko dute San Migel Eguna Ormaiztegin. Tradizio handiko festa da, eta afariaz gain, azken hiru hamarkadatan, bestelako ekitaldi ugari ere antolatu izan dituzte, hala nola, harrikalari txapelketa, toka eta mus jokoak, patata tortilla lehiaketa edota Mendi Bizikleta Proba, besteak beste.
Egun hori girotzeko, bi ekitaldi antolatu dituzte gaurko. Aurrena, San Migel egunari buruzko mahai-ingurua egingo dute, 18:30ean, Gizarte Etxeko areto nagusian. Azken hiru hamarkadatan antolakuntzan aritutako jendea bilduko dute, solasean aritzeko. Segidan, 20:00etan, Angel Elortzak azken 25 urteetako argazkiekin egindako erakusketa zabalduko dute, Gizarte Etxeko tabernan.