Zumea landu dute Enparandegin
Inguruotan ia erabat desagertu zen zumea aldatu, eta haren adaxkekin otarrak egin ditu Lazkaoko Mari Karmen Garinek. Basherri Eguneko azokan erakutsiko du lanbidea, igandean.

Baserriko desagertutako edo ahaztutako langintza bat berreskuratu dute Lazkaoko Enparandegi baserrikoek etziko Basherri Egunerako ere. Eta badira dagoeneko zortzi aldi. Zumea hartu du Mari Karmen Garinek aurtengo gai; behinola, plastikorik ez zenean, otarrak, saskiak eta altzariak egiteko landare preziatua. Oso zabaldua egotetik eta industria opari izatetik —Zumarraga zumegintzaren gune garrantzitsu izan zen XX. mendearen hasieran—, erabat desagertzera egin du, 80 urtean.
Enparandegi baserrian duela lau-bat urte aldatu zuten zume landarea, neguan. Adaxka sartu egiten baita, ez hazia erein. Inguruan batere ez, eta Bartzelonatik ekarri zituzten hiru zume barietate: Salix alba, Salix fragilis eta Salix purpurea. «Behin aldatuta, betiko da. Adaxkak urtero mozten dizkiogu, otsailean, eta zepatik ematen du berriz, aldiro. Hiruzpalau metro hazten dira adarrak», dio Mari Karmen Garinek.
Lehengaia etxeko soroan sortzetik erabilera praktikoetara iritsi arte, ordea, tartean beste langintza asko daude, eta guztiak ikasi behar izan ditu Garinek: eskulanerako maneiagarri egitea, bat. Uretan beratu behar dira zume adaxkak. «Hiru-bat astean eduki ohi ditut askan. Ur epela edo beroa behar du, ondo bigundu dadin. Bestela hautsi egiten da. Uda beroa izan dugu, eta eguzkiak egin du lan hori».
Emaitza dotoreak
Behin zumea hezetuta, saskiak egiteko baliatu du Garinek. Juan Joxe Garin anaia zenak —iazko otsailean hil zen— egindako otarrak ere baditu etxean. Baita fruta edukitzeko otartxoak edo hormak apaintzeko tapizak ere.
Hiru barietate aldatu zituenez, bakoitzaren kolore desberdinak konbinatuz ere osatu ditu piezak. Beratzen egon den ura ere tindatzen du. Basherri Eguneko azokan erakutsiko ditu emaitzak, baita zumearen langintza nolakoa den ere.
«Urtero ofizio desbedina ateratzen dut Lazkaoko feriarako. Zumea lantzen hemendik aurrera hasiko nintzateke ni eroso, ikasi egin behar baitut orain arte. Baina datorren urterako ere beste ideia bat pentsatu beharrean nago», aurreratu da Mari Karmen Garin. Zumea zer izan zen eta nola lantzen zen ikasteko aukera jarri du, iganderako.