Altzaga eta Gaintza, erdigunera
Eskualdeko bi herri txikienek beren handitasuna erakutsiko dute asteburuan, Gaintzan eta Altzagan San Migel festak baitituzte. Autobusak antolatu dituzte, jendea joateko
Txikiak izanagatik, badirela aldarrikatzeko aukera paregabea suertatzen da biztanle gutxiko udalerrietan urteko festa nagusien garaia. Goierriko herri txikienak dira, zentzu horretan, Altzaga (179 bizilagun) eta Gaintza (129). Biziraupenerako eta eguneroko jardunerako lan eskerga askotan ikusezina nolabait konpentsatzeko, aparretan ibiltzeko asteburua dute biek aurretik, San Migel jai nagusiekin.
Xumean aberats, hiru eguneko egitaraua dute, ostiraletik igandera —jaian da San Migel—. Herritarren bilgune izateaz gain, kanpotarrak joatea ere estimatuko dute, eta erraztasunak jarri dituzte: autobus zerbitzu berezia izango da. Altzagara joateko, Ordiziako tren geltokitik larunbatean irtengo da, eta Altzagatik behera 02:00etan. Araman geldituko da. Muxutruk taldeak joko du.
Gaintzan, ostiralean eta larunbatean 20:30ean Ordiziako geltokitik jartzea lortu dute. Itzulerakoa 02:00etan da.
Altzagan, berria pilota
Aurten pilota partida da nobedadea Altzagako sanmigeletan. Igandean, meza ondoren, lau eta erdian jokatuko dute Iraitz Zubizarreta ataundarrak eta Ander Ruiz de Larramendik.
Larunbat gaueko herri afarian altzagar asko elkartuko dira. «Dagoeneko ehun-bat lagun daude izena emanda. Azken unean ere izango da aukera afaldu nahi duenarentzat, tokia egingo diogu», dio Maite Garmendia alkateak.
Herri kirol erakustaldia mantendu dute, jaien itxierarako. Igande arratsaldea osatzeko, sagardo, gazta eta txorizo pintxo dastaketa jarri dute. Haurrentzat bereziki prestatutako jarduerak larunbatean egongo dira.
«Ea jendea animatzen den Altzagara etortzen, bisita eginez, ondo pasatzera», egin du gonbita Altzagako alkateak.
Gaintzan, segurutik
Zapotxin pertsonaia plazara gerturatutakoan hasiko dira Gaintzan festak, bihar iluntzean. Oturuntzetan ez dute alerik gordeko: herri afaria lehen egunean, herri bazkaria bigarrenean, eta Gaintzako ikur den mondeju zuriaren dastaketa, azkenerako. Mondejua jateko aurreneko aukera izango da, denboraldiaren hasiera baita orain.
Egitaraua «urteroko berdintsua» dela aurreratu du Gaizka Balerdi alkateak. Izan ere, funtzionatzen duena, zertarako aldatu. «Azken urteetan parte-hartze handia izan da patata-tortilla lehiaketan eta argazki lehiaketan, eta horiek mantendu ditugu. Gauza gehiago egiteko aukera handirik ere ez dugu».
Herritik kanpoko txirrinduzaleek oso gustuko duten proba igande eguerdian jokatuko da: Gaintzara txirrindulari igoera. «Urte asko daramatzagu proba hori egiten, eta ezin du hutsik egin». 36. aldiz jokatuko da txirrindu lasterketa.
Urtsuarango festa egun bakarrean ospatuko dute, etzi
Idiazabalgo auzo den Urtsuaranen, Etzegarate barrenean, San Migel festak dituzte. Iaz arte asteburuko bi egun hartzen bazituzten ere, aurten bakarrean kondentsatu dituzte ekitaldi guztiak, eta larunbatean ospatuko dute. Bertsolariak (Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin), herri kirolariak (aizkolariak eta harri jasotzailea), toka eta bazkaria izango dira. Taberna ere jarriko dute, mondeju pintxoak zerbitzatuko dituzte han, jaien bereizgarri.
ALTZAGA
Bihar
· 18:30. Haurren pintxo lehiaketa.
· 19:00. Patata tortilla lehiaketa.
· Ondoren. Janire Arantzaberen emanaldia.Larunbata
· 10:00-13:00 eta 16:00-17:00. Haur parkea eta puzgarriak.
· 18:00. Txokolate jana.
· 19:00. Toka txapelketa.
· 20:30. Herri afaria, Muxutruk taldeak girotuta.Igandea, San Migel
· 12:00. Meza.
· 12:30. Pilota partida. Iraitz Zubizarreta / Ruiz de Larramendi.
· 18:00. Herri kirolak. Iñaki Azurmendi eta Ugaitz Mugertza aizkoran; Udane Ostolaza eta Ioseba Ostolaza harri jasotzen.
· 19:00. Sagardoa, txorizoa, gazta.GAINTZA
Bihar
· 19:00. Txupinazoa eta Zapotxinen jaitsiera.
· 19:30. Mozorrotuen poteoa.
· 21:00. Herri afaria pilotalekuan.
· 23:30. Elizagoien ahizpak.
· 00:00. Play back eta mozorro lehiaketa.Larunbata
· 12:00. Herritarren herri kirolak.
· 14:00. Herri bazkaria Kaletxikin.
· Egunean. Unai Eizagirre ‘Attola’ eta Haritz Garmendia trikitilari.
· 17:00. Haurren Kulki parkea.
· 19:30. 6. Patata tortilla lehiaketa. Gero tortilla jatea eta bingoa.
· 22:00. Erromeria: Basajaun.Igandea
· 11:00. Meza.
· 12:00. 36. Txirrindulari Igoera.
· Egunean. Unai Eizagirre eta Haritz Garmendia trikitilariak.
· 16:30. Puzgarriak.
· 19:00. Mondejua eta ardoa.
· 20:00. IV. Argazki Lehiaketako sari banaketa.URTSUARAN (Idiazabal)
Larunbata
· 11:30. Meza.
· 12:30. Bertso saioa: Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia.
· 13:00. Herri kirolak. Aizkoran Aitor Urteaga eta Xabier Dorronsoro, Suharri Rodriguez eta Eloi Kortxeroren aurka. Harri jasotzen Xabier Aranburu.
· 14:00. Herri bazkaria.
· 17:00. 28. Toka lehiaketa.